Gizartea -
Eraso matxista
Gizon bat ikertzen ari dira Algortako Portu Zaharreko jaietan izandako sexu-eraso bat egotzita
Gainera, hainbat emakumeri lesioak eragitea ere leporatu diote. Gertakariak igande goizaldean izan ziren, 03:30ak inguruan.
EITB MEDIA
Ertzaintza gizon bat ikertzen ari da, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat eta lesioak egotzita. Getxoko Algortako Portu Zaharreko jaietan hainbat emakumeri eraso egitea leporatu diote gazteari. Gertakariak igande goizaldean izan ziren, 03:30ak inguruan.
Ertzaintzak EITB MEDIAri jakinarazi dionez, abuztuaren 15ean, asteartean, lau lesio-salaketa eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat jaso zituen atestatua ireki zuten. Gertakariak larunbatetik iganderako gauean izan ziren, goizaldeko 03:30ak inguruan, Algortako Portu Zaharreko jai-esparruan. Ikerketak aurrera jarraitzen du.
Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea Bermeon
Bermeon ere eraso matxista baten berri eman dute egunotan; zehazki, bertako Udalak jakinarazi duenez, astearte goizean emakume baten aurkako erasoa egon zen udalerrian. Iturriek azaldu dutenez, ustezko erasotzailea identifikatuta eta epaileen esku dago jada.
Eraso horren aurrean, Bermeoko Udalak bere gaitzespenik "sutsuena" adierazi du eta, era berean, bere gertutasuna eta elkartasuna adierazi dio emakumeari eta bere ingurukoei. Era berean, udalerriko mugimendu feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuen Udalak. Mobilizazioa atzo, ostiralean, egin zuten.