Gizartea -
Eguraldia
Tenperaturek behera egin dute kostaldean, sargoriaren ostean
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean hasi da giroa freskatzen eta zenbait puntutan termometroek 30 gradutik beherako datuak erakusten dituzte. Donostian 27 gradu daude, 28 Getarian eta 30 Bilbon.
EITB MEDIA
Jose Antonio Aranda Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako arduradunak Radio Euskadin azaldu duen bezala, tenperaturak hasi dira jaisten Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean. Haizearen norabidea aldatu da, ipar-mendebaldera egin du, eta, ondorioz, giroa poliki poliki freskatzen ari da.
"Tenperatura jaisten hasi da (...) baina gutxinaka behera egingo du", adierazi du euskal meteorologoak. Arratsaldeko lehen orduan, kostaldeko zenbait tokitan, 30 gradutik beherako zenbakiak markatu dituzte termometroek. Donostian 27 gradu daude, 28 Getarian eta 30 Bilbon. Arratsaldean zehar, haizea Gipuzkoa eta Bizkaiko barnealdeko ibarretara ere iritsiko da, eta haietan ere giro freskoagoa nabarituko da.
Hurrengo egunetan, tenperaturak "nabarmen" egingo du behera Arandaren hitzetan. Hala, hodeiak eta euria ere izango dira Kantauri aldean.
Arabari dagokionez, ordea, gaur ere bero egingo du, 40 graduko maximoekin. Hala ere, bihartik aurrera tenperaturak udako normaltasunera hurbiltzen hasiko dira, 25-26 gradukoak izango baitira. Arandaren hitzetan, tenperatura aldaketa hori lurraldeko lekurik garaienetan nabarmena izango da: "Lurraldeko puntu altuenetan, normalean jasotzen direnak baino 15 gradu gorago egotetik 5 gradu beherago egotera jaitsiko da 48 orduan".
Sute-arriskua
Euskalmeteko adituak azaldu duenez, sute-arriskuak ere behera egingo du tenperaturekin batera, eta gaurtik aurrera arrisku hori gutxituz joango da isurialde atlantikoan.
Hala ere, gaur Araban tenperatura altuak izango direnez, arriskuak altua izaten jarraituko du, eta lurraldeko hegoalde osoan zehar horrela mantenduko da.