Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Barakaldon, pisukideari labanaz eraso egitea egotzita
Zaurituak azaldu duenez, eztabaida bat izan du atxilotuarekin eta honek labanaz eraso egin dio. Bere burua defendatzen saiatu denean, hainbat ebaki egin ditu eskuan.
Agentziak | EITB MEDIA
54 urteko gizon bat atxilotu dute larunbat honetan Barakaldon (Bizkaia), eztabaida batean pisukide bati labanaz eraso egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gaur goizaldeko ordu biak baino lehentxeago, Barakaldoko etxebizitza batean poliziaren presentzia eskatu dute, bertan bizi ziren bi lagunen artean borroka bat gertatzen ari zelako. Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen herritarren babeserako patruila bat adierazitako lekura hurbildu da, eta etxebizitza zegoen atariko eskailera batean gizon bat aurkitu du, eskuetan hainbat ebaki zituela.
Zaurituak azaldu duenez, pisukide batekin eztabaida izan du une batzuk lehenago, eta gizonak labanaz eraso egin dio. Erasoari aurre egiten saiatu denean, lesioak eragin dizkio.
Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu egin dute. Etxe barruan zegoen, eta jarrera bortitza izan du une oro, iturrien arabera. Jarraian, polizia-etxera eraman dute, beharrezko eginbideak egiteko eta, ondoren, epailearen esku uzteko.