Gizartea -
Denboralea
Goialdeko depresioa Mediterraneoko kostan eta Toledon hustu da, eta 'zeharka' pasatu da Madrildik
Prezipitaziorik handienak Gaztela eta Leongo mendebalderantz mugitu, eta Avila, Segovia, Valladolid eta Zamora probintziei eragingo die gehien. Haizea da orain arazo erkidego askotan.
EITB Media
Larunbataz geroztik penintsulako zati handi bat alerta egoeran jarri duen goialdeko depresioak uholdeak eragin ditu, eta erreskateak egin behar izan dituzte etxebizitzetan eta ibilgailuetan harrapatuta gelditu diren pertsonak ateratzeko. Zenbait errepide itxi behar izan dituzte, eta tren zerbitzu nahiz hegaldietan ere izan du eragina denboraleak.
Prezipitaziorik handienak Gaztela eta Leongo mendebalderantz mugituko dira gauean, eta Avila, Segovia, Valladolid eta Zamora probintziei eragingo die gehien. Ekaitz- eta prezipitazio-frontea Segoviako probintziatik Leongo probintziara hedatu da, eta Valladolid hiriburuari eragin dio. Metro koadroko 30 litro ur erregistratu dira bertan azken bost orduetan.
Gainera, haizea da orain arazorik handiena hainbat erkidego eta eremutan, hala nola Burgosen, Errioxan eta Araban, baita Mediterraneoko kostaldean ere, Balear Uharteetako mendebaldean eta Aragoiko zati batean bereziki. Horietan guztietan abisu horiak ezarri ditu Aemetek, 80 km/h-ko haize boladak izateko arriskuagatik.
Mediterraneoan jo du gogorren
Mediterraneoko kostaldean jo du gogorren denboraleak. Tarragonan, Generalitateko Babes Zibilak Alcanarko (Tarragona) biztanleak konfinatzeko agindua eman du goizean, inguruan uholdeak izateko arriskua zegoelako, eta aurreikuspenak bete egin dira.
Generalitateko Babes Zibilak 14:40 zirenean Twitterren zabaldu du Alcanarko (Tarragona) konfirnamendua altxatzen zen mezua, baina "uholdeek eragindako eremuetan nahiz kostaldean, olatu handien arriskuagatik, ez ibiltzeko gomendioa" egin du. Alcanarko bizilagunek mugikorrean jaso dute abisuaren amaiera iragartzeko mezua.
Gaur goizean, inguruko telefono mugikor guztietara bidalitako alerta batean, Babes Zibilak udalerri osoa konfinatzeko eskatu du, eta larrialdiren bat gertatuz gero 112 zenbakira deitzeko eskatu du.
Kataluniako Meteorologia Zerbitzuaren datuen arabera, azken 24 orduetan 215,7 mm pilatu dira Alcanarren.
Galtzadan pilatutako euriaren ondorioz, AP-7 autobidea itxi behar izan dute Ulldeconan (Tarragona) bi noranzkoetan, eta N-340 errepidea Alcanar eta Amposta artean, bi noranzkoetan.
Igande arratsaldean amaitu dira prezipitazioengatiko abisu aktiboak Valentziako Erkidegoan, autonomia-erkidegoko zenbait puntutan, batez ere Castelloko iparraldean eta Valentziako hegoaldean, metro koadroko 160 litro inguruko erregistroak utzi ostean.
Hala ere, ekialdeko haize boladengatiko alertak indarrean daude orduko 70 eta 80 kilometrokoak espero baitira Castelloko probintzia osoan, Valentziako barnealde osoan eta iparraldeko kostaldean eta Alacanteko hegoaldeko kostaldean.
Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak "etxean geratzeko" eskatu die herritarrei gaur goizean, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan. "Salbuespenezko egoera da", adierazi du.
Madrilgo Udalak udal-instalazioak itxi ditu, baita lurrazalean alternatibarik ez duten tunelak ere, M-30eko bideak izan ezik, euri-jasak eta ekaitzak espero zirelako.
Espainiako Ligak, bestetik, gaur arratsaldean Madrilgo Civitas Metropolitano estadioan jokatzekoa zen futbool partida, Atletico Madril eta Sevillaren artekoa, atzeratzea erabaki du datozen orduetarako espero den "aparteko egoera meteorologikoagatik".
Euriak eragina izan du Madrilgo eta inguruko garraiobideetan. Hainbat hegaldi atzeratu dituzte eta beste hainbeste bertan behera geratu dira Adolfo Suarez Madril-Barajas aireportuan. Halaber, metroaren zenbait tartetan zirkulazioa bertan behera utzi behar izan dute ur pilaketengatik.
AVEren Madril-Andaluzia lineako distantzia luzeko eta ertaineko trenen zirkulazioa igande honetako 19:00ak aldera berrezarri da, baina batez beste bi orduko atzerapenak izan dituzte trenek. Trenen zirkulazioa 17:00ak aldera eten dute igandean, La Sagra eta Yeles artean, Toledon, euria eta lohia pilatu delako trenbidean.
Renfek 18:00etan eguneratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez, Mediterraneoko korridoreko zerbitzua eten da, eta trenak Madrildik desbideratu dira Bartzelonara, eta Figuereskoak Madrildik barrena, Alacantera eta Valentziara.
Gaztela-Mantxan euri asko egin du, eta gorabeherak eragin ditu, batez ere Toledon. Bertan, Paraplegikoen Ospitale Nazionalak, Vitalia Home zaharren egoitzak eta Udaltzaingoaren bulegoak izan dira euriteen ondorioz kalteak jaso dituzten instalazio publiko edo publiko-pribatuetako batzuk.
Guztira, Estatuko Meteorologia Agentziaren datuen arabera, Toledon pilatu da ur gehien, metro koadroko 90,80 litro 21:10era arte, Espainiako hirugarren erregistrorik altuena.
Gaztela eta Leon
Prezipitaziorik handienak Gaztela eta Leongo mendebalderantz mugituko dira gauean, eta Avila, Segovia, Valladolid eta Zamora probintziei eragingo die gehien. Hori dela eta, Espainiako Gobernuaren Gaztela eta Leongo Ordezkaritzak, Twitterren argitaratutako mezu baten bidez, kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei, ekaitzak eta txingorra izan baitaitezke.
Ekaitz- eta prezipitazio-frontea Segoviako probintziatik Leongo probintziara hedatu da, eta Valladolid hiriburuari eragin dio. Bertan, metro koadroko 30 litro ur pilatu dira bost orduan.
Euri gehien Avila hiriburuan egin du, 63 litro metro koadroko. Bertan, Udalak harresiko sarbideak itxi ditu 18:00ak aldera, "segurtasun arrazoiak" argudiatuta, euria erruz bota baitu inguru horretan, eta ur pilaketek arazoren bat edo beste eragin dituzte hiri horretan.
Andaluzia
Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) bertan behera utzi ditu igande honetan, irailak 3, Granada eta Jaen probintzietan indarrean zeuden abisuak.
Andaluziako probintzia guztiak egon dira eguneko uneren batean maila horiko, laranjako edo gorriko (Cadizen kasuan) abisupean, goi-geruzetako depresio isolatuaren eraginez izandako euriteen edo ekaitzen ondorioz, baina igandeko 21:00etatik ez dago alerta horietako bakar bat ere indarrean Andaluzian.
Desaktibatuta geratu diren azken abisuek Jaen eta Granada probintziei eragiten zieten, ordubetean metro koadroko 15 litro botatzeko arriskuagatik ezarritakoak.