Gizartea -
INDARKERIA SEXISTA
Hondarribian atzo izandako bi sexu-eraso gaitzetsi ditu Udalak
Halaber, erasoak salatzeko elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako, 18:00etan Martxoak 8 plazan, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
EITB MEDIA
Hondarribiko Udalak atzo udalerrian izandako bi sexu-eraso gaitzetsi ditu, eta protesta-bilkura deitu du asteazkenerako gertatutakoa salatzeko. 18:00etan egingo da, Martxoak 8 plazan.
Ohar baten bidez, Udalak adierazi du "pertsona guztiak jaiak modu librean bizitzeko eskubidea dugula eta ez dugula eraso sexista edo homofoborik onartuko".
Ostegunean hasiko dira Hondarribiko jaiak —irailaren 7tik 11ra ospatzen dira—, baina aurreko egunotarako ere ekintza ugari antolatu dira. Asteazkenetik martxan egongo da Udalak prestatu duen sexu-erasoei aurre egiteko plana. Besteak beste, "erasoen aurkako guneak" indartuko dituzte: informazio gune bat jarriko dute San Pedro kalean, artatze puntu bat Itsas Etxean eta egun osoan erabilgarri izango den arretarako telefono zenbaki bat (688718797) herritarren eskura.