Gizartea -

Inkesta

EAEko biztanleen % 92,2 "pobreziatik urrun" bizi dira

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organoak 2022an egindako 'Gizarte Beharren' inkestaren arabera, biztanleen % 75,3 erabateko edo ia erabateko ongizate egoeran bizi dira. Kontrara, % 4 benetako pobrezia egoeran daude.

Pertsona bat kalean, eskean. EFEren artxiboko irudia
Pertsona bat kalean, eskean
Pertsona bat kalean, eskean. EFEren artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 92,2 ongizate maila "onargarrian" bizi dira. Horixe erakusten du bederen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organoak 2022an egindako 'Gizarte Beharren' inkestak. Hain zuzen ere, pobreziaren aurkako borrokan aurrerapauso garrantzitsuak islatzen dituzte emaitzok. Guztira, 4.500 etxetan jaso dituzte datuok, 10.000 lagun galdekatuta.

Ikerketan jaso dute, halaber, biztanleen % 75,3k "erabateko ongizatea" edo "ia ongizate osoa" dutela; % 16,9k, berriz, "ongizate onargarria". Aldiz, % 4 benetako pobrezia egoeran daude.

Europar Batasunak erabilitako adierazleak hartzen ditu kontuan inkestak. Horien arabera, Europako batez bestekoa baino bi puntu beherago dago EAE. Bestalde, Espainiar Estatuko datuak aintzat hartuta, indize baxuenak dituen bigarren erkidegoa da —Nafarroa soilik du aurretik—.

Bizitzaren kostua eta Euriborra igotzeak zein beste aldagai batzuek eragina izan dute horretan, alegia, bizitza duin bat izateko aukeran. Horregatik, nahiz eta emaitzak duela bi urtekoak baino hobeak izan, badira oraindik ere askorentzat arruntak diren ekintzak egiteko aukerarik ez duten biztanleak.

Neguan etxea berotzea, esaterako, ezinezkoa da galdekatuen % 8,2rentzat —2020an, berriz, % 6,9rentzat—.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak