Gizartea -
SEXU-INDARKERIA
Aske geratu dira adingabe baten bideo sexuala zabaltzeagatik atxilotutako Real Madrileko harrobiko jokalariak
Biktimaren amak jarri zuen salaketa irailaren 6an, Kanaria Handiko Mogan herrian. Ikerketako iturrien arabera, atxilotuetako batek grabatu zuen bideoa uda hasieran, neskaren baimenik gabe.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Guardia Zibilak Real Madrileko harrobiko hiru jokalari atxilotu ditu Madrilen, 16 urteko neska baten bideo sexuala WhastApp sare sozialaren bidez zabaltzeagatik. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, libre utzi dituzte hirurak. Atxilotuen telefono mugikorren kopiak egiteko agindu du epaileak.
Sexu-izaerako sekretuak ezagutzera ematea leporatu diete futbolariei, baina ez sexu-erasoa egitea. Ikerketako arduradunek baieztatu dute bideoan grabatuta dauden sexu-harremanak baimendutakoak izan zirela; ez, ordea, eduki horiek zabaltzea.
Biktimaren amak jarri zuen salaketa, irailaren 6an, Kanaria Handiko Mogan herrian. Aipatutako iturrien arabera, atxilotuetako batek grabatu zuen bideoa uda hasieran, neskaren baimenik gabe.
Real Madrileko bigarren taldeko (Real Madril Gaztela) jokalari bat eta hirugarren taldeko (Real Madril C) bi dira atxilotuak. Madrilgo klubaren egoitza nagusian atxilotu dituzte, goizean.
Albistea zabaldu eta berehala, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak esan du sexu-irudiak baimenik gabe zabaltzea sexu-indarkeria dela.