Gizartea -
Memoria Demokratikoaren Legea
Espainiako Justiziak software berria erosi du, Gerra Zibileko eta frankismoko biktimen DNA banku bat sortzeko
Estatu mailako banku horretan adingabeen balizko lapurretaren biktima diren pertsonen profilak integratzea aurreikusten da.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioak Bonaparte softwarea erosi du, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen DNA bankua sortu eta kudeatzeko, Memoria Demokratikoaren Legean ezarritakoaren arabera.
Pilar Llop jarduneko Justizia ministroak ohar batean azaldu duenez, sistema horri esker, "laborategi askotako DNA profilak integratu ahal izango dira, eta desagertutako pertsonen hobi komunak lurpetik ateratzean sortutako postmortem hondakinekin bilaketa sistematikoak egin ahal izango dira, identifikazioan laguntzeko".
Justizia Ministerioak nabarmendu du, halaber, Estatuko banku horretan adingabeen balizko lapurretaren biktim aizandako pertsonen DNA profilak integratzea aurreikusten dela, baldin eta salaketa legean jasotako gertakariengatik onartu bada.
Bonaparte sistema aurreratua da zuhaitz genealogiko konplexuen DNA profilen sorkuntzan eta bilaketa automatizatuan, DNA ematen duten senideen eta bilatzen duten biktimaren arteko ahaidetasun erlazioa edozein dela ere.
Ezaugarri hori "funtsezkotzat" jo du Justizia Ministerioak, zuhaitz genealogiko konplexuen kasuistika handia aurreikusten baita, senide zuzenik ez dagoelako. Gainera, sistemak algoritmo matematiko bat du lortzen diren DNA bateragarritasunen esanahi estatistikoa kalkulatzeko.