Gizartea -
Ikerketa
Epaileak aske utzi du zornotzar baten desagerpenarekin lotuta atxilotutako gizona
Zornotzako bizilagunaren desagerpenarekin zerikusia duelakoan, asteartean, atxilotutako gizona epailearen esku utzi dute gaur eguerdian.
EITB Media
Zornotzako bizilagunaren desagerpenarekin zerikusia duelakoan, asteartean, atxilotutako gizona epailearen esku utzi dute gaur eguerdian. Epaileak gizona aske uztea erabaki du, inolako neurririk gabe, Ertzaintzak baieztatu duenez.
Iturri judizialek azaldu dutenez, etxebizitzaren miaketan "ez da ezer esanguratsurik aurkitu", eta "ez dago arrazoirik" atxilotuari kautelazko neurririk ezartzeko.
Hala ere, Ertzaintza ustezko hilketaren hipotesi "posiblearekin" ari da lanean, Zornotzako (Bizkaia) bizilagun baten kasuan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez. Biktima 2022ko amaieratik desagertua dago, eta asteartean gizon bat atxilotu ostean, kasuarekin zerikusia duelakoan.
Sailburuak azaldu duenez, sumario-sekretua ezarri du epaileak, eta, beraz, "ezer gutxi aurreratu daiteke ikerketei dagokienez". Hala ere, ikerketa iazko amaieran desagertu zen "ustezko biktima" bati buruzkoa dela adierazi du, eta, "ordutik, ez dago haren arrastorik".
"Ikerketak aurrera egin du, eta hipotesi gisa planteatzen da, hipotesi posible gisa, atxilotu duten pertsona hori egilea izatea edo hilketan parte hartu izana, gutxienez, baina, hortik aurrera, ezer gehiago erantsi daiteke, ikerketa sekretupean dagoelako, baina aurrera jarraitzen du, instrukzioko epailearen zuzendaritzapean", adierazi du Erkorekak.
Desagertutako 52 urteko gizona iazko irailaren 1ean ikusi zuten azkenekoz Bizkaiko udalerrian, eta, ordutik, inork ez du haren berri izan. Atxiloketaren ondoren, Ertzaintzak etxebizitza bat miatu zuen Ojenbarrena kalean.