Gizartea -

Mugikortasunaren Europar Astea

Autoentzako ingurumen-bereizgarriak: zertarako dira?

Gero eta auto gehiago ikusten dira aurreko kristalean pegatina urdina, berdea edo horia jarrita. Trafiko Zuzendaritzak auto bakoitzak isurtzen duen kutsadura-maila identifikatzeko sortu dituen bereizgarriak dira. Horren arabera, Espainiako hirietako emisio txikiko eremuetara sartu ahal izango gara.

Ingurumen-bereizgarriak. Argazkia: EITB Media.
Ingurumen-bereizgarriak. Argazkia: EITB Media.
Ingurumen-bereizgarriak. Argazkia: EITB Media.

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugikortasunaren Europako Astean murgilduta gaude egunotan eta, gaur gainera, Autorik Gabeko Munduko Eguna ospatzen ari gara. Jardunaldi horietan, erakundeak eta herritarrak sentsibilizatu nahi dira garraiobide iraunkorragoak erabiltzeak osasun publikorako eta ingurumenerako dituen onurei buruz.

Estatuko Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea 2021ean sartu zen indarrean. Haren helburuetako bat ahalik ere hiri garbienak, kutsadura gutxikoak, lortzea da. Hori dela eta, legeak ezartzen du 50.000 biztanle baino gehiago dutenek eta, 20.000 biztanle baino gehiago izan arren, araututako kutsatzaileen muga-balioak gainditzen dituztenek emisio txikiko eremuak (EME) ezarri behar dituztela eta ibilgailuak horietara sartzea mugatu behar zutela.

Autoak gune horietara sartzea baimentzeko moduetako bat Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (TZN) sortu dituen ingurumen-bereizgarriak dira. Bereizgarri horiek ibilgailuak sailkatzen dituzte ingurumenean izan dezaketen eraginaren arabera. Auto berrienek Euro 6 izeneko teknologia daramate eta hauen motorrek gutxiago kutsatzen dute. Baina Europako automobilgintzaren klusterra eta erakundeak Euro 7 teknologia nolakoa izango den eztabaidatzen ari dira dagoeneko.

Ze ingurumen-bereizgarri daude?

Trafiko zuzendaritzak lau ezarri ditu: 0 emisio etiketa (kolore urdinekoa), batik bat auto elektrikoei ematen zaiena; ECO bereizgarria, gasez dabiltzanei edo hibridoei dagokiena; C izenekoa (kolore berdeduna), gasoleoz eta gasolinaz dabiltzan auto berrienek daramatena; eta B etiketa (kolore horiaduna), gasoleoz eta gasolinaz dabiltzan auto zaharxeagoei dagokiena. 

Ingurumen bereizgarri motak. Irudia: EITB Media.

TZNren kalkuluen arabera, Estatuko ibilgailuen % 50 lau etiketa horiekin sailka daiteke. Hala ere, autoen beste erdiak kutsatzaileagoak dira: 2006. urtea baino lehen matrikulatutako dieselak eta 2001. urtearen aurretik matrikulatutako gasolinazkoak. Hauek ezin dute inolako etiketarik eraman, horiek eraikitzeko erabili zen teknologia ezin baita "ibilgailu garbi" gisa sailkatu.

Oier Martinez: ''Auto hibridoen etiketak iruzurra dira, eta DGTk badaki''
Oier Martinez: ''Auto hibridoen etiketak iruzurra dira, eta DGTk badaki''
Oier Martinez: ''Auto hibridoen etiketak iruzurra dira, eta DGTk badaki''

1:49

Udalek 2023a baino lehen ezarri behar zituzten EMEak, baina gehienek ez dute halakorik egin. Oraingoz, agindua jaso zuten 151 udalerrietatik 17k soilik bete dute legeak esandakoa; 50.000 biztanletik gorako hirietatik 14k eta 20.000tik gorako hirietatik 3k. Horien artean daude Bartzelona eta Pontevedra. Beste batzuek, Logroñok esaterako, neurri batzuk hartu zituzten, baina baliogabetu egin dituzte udal gobernua Alderdi Popularraren esku geratu ondoren.

Atzeraldi horri erantzunez, Teresa Ribera Trantsiziorako ministroak gogorarazi du kutsadura atmosferikoa dela Europan Batasunean ingurumenarekin lotutako heriotza goiztiarraren lehen arrazoia. Espainian urtean gertatzen diren 20.000 heriotza goiztiarren atzean nitrogeno oxidoen (NO2), ozonoaren (o3) eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikulen (PM 2,5) mailak eragindako airearen poluzioa dago.

Hego Euskal Herrian, Bilbo, Donostia, Iruña, Gasteiz, Barakaldo, Getxo eta Irun dira EMEak nahitaez zehaztu behar dituzten udalerriak. Horietako bakoitzak ze eremu mugatu nahi duen eta horietara ze ibilgailu sartu ahal izango den argitu behar du.

Hala ere, oraingoz, Iruñean soilik daukate honen inguruko ordenantza bat onartuta. Nafarroako hiriburuan alde zaharra emisio gutxiko eremu izendatu dute eta bertara bizilagunak edo kargatzera eta deskargatzera doazenak soilik sar daitezke. Ibilgailu hauek ez dute bereizgarririk behar.

Bitartean, gainerako udal gobernuak ingurumen-proiektuak lantzen ari dira eta 2023ko azken hilabeteetan edo 2024ko hasieran udalbatzetara eramango dituztela aurreikusten dute.

Nola lor dezaket nire bereizgarria?

Trafiko zuzendaritzaren ingurumen-bereizgarri hauek honako lekuetan erosi daitezke: Correosen posta-bulegoetan, Espainiako Tailerren Konfederazioaren sareko tailerretan eta baimendutako beste tailer eta elkarteetan. 5 euroko prezioa dute eta autoaren zirkulazio-baimena baino ez da aurkeztu behar. Behin bereizgarria lortuta, aurreko kristalean jarri behar da, behean eta eskuinaldean.

Europara bidaiatzen badut?

Ingurumen-bereizgarrien kasuan, Europako herrialdeak ez dira ados jarri diseinu bateratua egiteko eta eranskailuak homologatzeko. Herrialde edo hiri bakoitza bere erritmoan ari da autoei mugak jartzen eta etiketak sortzen. Beraz, litekeena da Espainiako pegatina batek ez bermatzea, berez, Europako hiri bateko EME batean sartzea.

Hiri batzuek ibilgailuen online erregistroa egitea eskatzen dute, beste batzuek bereizgarri propioak dituzte... Europako hiriren batera bidaiatuz gero, tokiko ingurumen-neurrien egoerari buruzko informazioa bilatzea gomendatzen du Trafiko zuzendaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia bideoak Iruñeko albisteak Getxo berriak Barakaldo Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Irun bideoak Albisteak Ingurumena azken ordukoa Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan