Gizartea -
Mugikortasunaren Europar Astea
Ingurumen-bereizgarriak: Zer egin dezaket auto zahar bat badaukat?
2001 baino lehen matrikulatutako gasolina-ibilgailuek eta 2006a baino lehenagoko dieselek ez dute emisio txikiko eremuetan sartzeko ingurumen-bereizgarririk lortzeko eskubiderik. Hala ere, kasu batzuetan, konponbideren bat egon daiteke eta autoaren funtzionatzeko modua aldatu daiteke.
A.A.E. | EITB Media
Gerta daiteke familian auto zahar bat izatea eta hura kendu nahi ez izatea. Zer egin dezakegu emisio gutxiko eremu batean sartu behar badugu eta ingurumen-bereizgarri bat edo horretarako aimen berezi bat behar badugu?
Lehenik eta behin, sartu nahi dugun hiriak gure ibilgailuari baimenik ematen dion egiaztatu beharko dugu. Oier Martinez Violet mugikortasunean adituak azaldu duenez, Bartzelonak eta antzerako beste hiri batzuek baimen bereziak ematen dituzte egun jakin batzuetarako, nahiz eta autoa zaharra izan. Normalean udalaren webgunean izapidetu daitezkeen baimenak izan ohi dira.
Gure egoera hori ez bada, eta autoak funtzionatzeko duen modua aldatu nahi badugu, badira beste aukera batzuk, nahiz eta ez oso merkeak izan. Ibilgailuaren ezaugarrien eta egoeraren arabera, hainbat aukera izango ditugu Josu Velasco Iza Beasaingo IATko zuzendari teknikoaren hitzetan.
Alde batetik, gure motorra kendu eta erregai berarekin ibiliko den baina berriagoa izango den beste bat jarri dezakegu. Alegia, unitate eragilea aldatu dezakegu, dela txinparta bidez piztutako motorra (gasolina), dela konpresio bidez piztutakoa (diesela). Kasu honetan, seguruenik motorrarekin lotutako beste hainbat sistema ere aldatu beharko ditugu.
Bigarren aukera autoa gasarekin (GLP, GNC...) edo hidrogenoarekin funtziona dezan birmoldatzea da. Hidrogenoaren aldeko apustua egiten badugu, gainera, beste bi aukera ditugu: hidrogenoa erregai-pila gisa edo oxigenodun ganberan erretzeko erregai gisa jartzea.
Azkenik, elektrizitatearekin dabilen motorra jartzea aukeratu dezakegu eta, kasu honetan ere, beste hainbat sistema aldatu beharko dizkiogu. Hala ere, ibilgailu batzuetan erreforma hori ez da bideragarria izaten, ardatzak egokitu behar direlako, baterien kokapenagatik...
Dagozkion aldaketa guztiak egin ondoren, ibilgailuak azterketa bat egin beharko du IAT batean, aldaketak legezkoak direla frogatzeko. Ontzat ematen badituzte, dagokion autoaren fitxa teknikoan horren berri ematen da eta, ondoren, ingurumen-bereizgarria erosi ahal izango da.
Prozesu hori guztia oso konplikatua izaten da, ordea. Hori dela eta, Velascok prozesu osoan gidatuko gaituen ingeniari batengana jotzea gomendatzen du. Honek ibilgailuaren egoeraren analisia egin eta burutu nahi diren aldaketen bideragarritasuna aztertu ondoren, txosten bat prestatuko du.
Beasaingo IATko zuzendari teknikoaren hitzetan, ibilbidea luzea eta, kasu askotan, oso garestia izan ohi da. Ondorioz, oso gutxi dira aukera horien alde egiten dutenak. "Kasu batzuetan, behar diren osagai guztiak berritzea kosta daitekeena baino balio txikiagoa izaten dute autoek, eta, beraz, gehienek auto berria erostea aukeratzen dute", ziurtatu du.
Bere esperientziaren arabera, aldaketarik ohikoenak erregai mota aldatu gabe egin ohi diren motor-aldaketak izaten dira. Hala ere, argitu du aldaketa horiek ez direla egiten bereizgarri bat lortzeagatik edo gutxiago kutsatzeagatik, aurreko motorrak ez zuelako funtzionatzen baizik.