Gizartea -

ETXEBIZITZA

Etxebizitza faltari aurre egiteko neurriak eztabaidagai izango dituzte gaur Bilbon eta Donostian

Etxebizitza hutsak dituztenei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga % 150 igotzea onartuko du Donostiako Udaleko osoko bilkurak, EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren botoekin. Bizkaiko hiriburuan, hiribildua tentsionatutako gune izendatzeko eskaera eramango du koalizioak eztabaidara.

Etxebizitzaren falta, batez ere alokairuzkoa, arazo handia bihurtu da. EFE
Etxebizitza bat alokairuan.
Etxebizitzaren falta, batez ere alokairuzkoa, arazo handia bihurtu da. EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitza faltaren auzia hizpide izango dute gaur Bilbon eta Donostian, osoko bilkuretan eztabaidagai izango diren ekimenak tarteko. 

Donostian, eta EH Bilduren ekimenez, etxebizitza hutsik dutenei Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) igotzea eztabaidatu, eta ezusterik ezean, onartuko dute osoko bilkuran. PSE-EEren, EAJren eta koalizio abertzalearen babesarekin aterako da aurrera neurria. % 150eko hazkundea ezarriko da tasan 2024ko urtarriletik aurrera. 

Etxebizitzak hutsik dauden jakiteko, errolda ez ezik, ur eta gas kontsumoak ere begiratuko dituzte, baina salbuespenak egongo dira: pentsioak eta pisu turistikoak, ikasleei alokatzen zaizkien pisuak eta zaharren egoitzetan dauden pertsonen etxeak errekargu honetatik kanpo geratuko dira. Baita, oporretan erabiltzen diren bigarren etxebizitzak ere, beti ere, jabeek gutxienez 90 egun igarotzen badituzte pisu horietan.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren igoera hau urte hasieran jarriko da indarrean Donostian. Gipuzkoako hiriburuak 1.500 etxe ditu hutsik. 

Tentsionatutako gune

Bilbok ere etxebizitzaren arazoa izango du aztergai legegintzaldiko lehen bilkura arruntean. EH Bildu eta Kaleratzerik ez elkarteak hiribildua tentsionatutako gune izendatzea galdegingo dute, Estatuko Etxebizitza Legeak emandako aukera baliatuta. 

Horrez gain, 2024rako tasak eta zergak onartuko dituzte bilkuran. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Donostiako Udala EAJ-PNV Bizkaia Istiluak Bilbon gaur Donostia Alderdi politikoak bideoak Gizartea EH Bildu Nafarroa Euskal sozialistak Eguneko albisteak Albisteak Higiezinen merkatua gaur Zergak gaur