Gizartea -
Sutea
Murtzian 13 hildako eragin dituen sutean desagertutako pertsona baten bila ari dira
Hala baieztatu du Gobernuko ordezkari Francisco Jimenezek. Polizia Nazionalak ez du baztertzen diskoteken barruan gorpu gehiago aurkitzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gobernuko ordezkari Francisco Jimenezek baieztatu du hamahiru direla sutean hildakoak, baina pertsona bat desagertuta dagoela oraindik, eta haren bila ari direla "han eta hemen".
Alabaina, Murtziako Gobernuko presidente Fernando Lopez Mirasek aurretik esan du agertu direla desagertuta zeuden bi pertsonak. Desagertuen inguruan nahasmena sortu da azken orduotan. Izan ere, hasiera batean uste zen bost zirela desagertutako pertsonak, baina azkenean argitu dute bi direla, eta horietako bat onik agertu dela lagun batzuen etxean.
Bien bitartean, sutea zabaldu zen Murtziako hiru dantzalekutan erreskate- eta hondakinak kentzeko lanak aurrera jarraitzen dute. Sute izugarriaren ondorioz gutxienez 13 pertsona hil eta 24 zauritu dira. Poliziak, baina, ez du baztertzen diskoteken barruan gorpu gehiago aurkitzea. Diego Seral bozeramaileak azaldu duenez, hildakoetako hiru identifikatu dituzte dagoeneko.
Testuinguru horretan, Murtziak hiru dolu egun deitu ditu. 12:00etatik aurrera, udaletxe eta erakunde nagusietako atarietan, minutu bateko isilunea egingo dute gaur.