Gizartea -

Sutea

Murtzian kiskalitako dantzalekuek ez zuten udal baimenik, eta ixteko agindupean zeuden 2022tik

13 pertsona hil dira ezbeharrean. Desagertutzat jotako guztiak onik aurkitu dituzte. Spain Nightlife gaueko aisialdiaren patronala herri-akusazio gisa aurkeztuko da diskotekek lizentziarik ez zutela baieztatzen bada.

Golden, Teatre eta Fonda Milagros diskotekak kixkalita, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Golden, Teatre eta Fonda Milagros diskotekak kixkalita, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Murtzian su hartu zuten dantzalek ez zuten baimenik 2022tik eta ezin zuten lanik egin

0:44

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande goizaldean su hartu zuten Murtziako Teatre eta Fonda Milagros dantzalekuek ez zuten udal baimenik, eta ixteko agindupean zeuden 2022ko urtarriletik, Murtziako Udaletik baieztatu dutenez. Aurreko legealdiko hirigintza zinegotzi Andres Guerrero sozialistak eman ditu azalpen horiek, prentsaurrekoan.

13 lagun hil ziren sutean eta Polizia Nazionala desagertuta zegoen pertsona baten bila ari zen azken orduotan. Francisco Jimenez Espainiako Gobernuaren ordezkariak jakitera eman duenez, gaurko 16:30ean aurkitu dute onik, pertsona hori. Horrenbestez, ez dago beste desagerturik.

Jimenezek adierazi duenez, biktimak identifikatzeko lanean ari dira orain buru-belarri; baita sutea nola piztu ikertzen ere.

Hartz marken bidez lau lagun identifikatu dituzte eta besteak identifikatzeko DNA probak egiten ari dira. Jimenezek jakitera eman duenez, gorputzez gain, gorputz adarren bat ere agertu da. "Medikuei beren lana egiten utzi behar diegu. Hildakoetako batzuk kiskalita zeuden, eta beraz, ezin dugu oraindik ezer argitu", erantsi du.

Aisialdi sektorearen patronala herri-akusazio gisa aurkeztuko da, diskotekek lizentziarik ez zutela baieztatzen bada

Udalaren salaketaren ostean, Teatre eta Fonda Milagros diskoteketako abokatuek ohar bana kaleratu dute informazioa gezurtatuz, eta euren bezeroak legearen barruan ari zirela lanean adierazi dute.

Spain Nightlife gaueko aisialdiaren patronalak iragarri duenez, berriz, suteak kaltetutako diskotekak baimenik gabe funtzionatzen ari zirela baieztatuz gero baita ixteko agindua zutela ere, herri-akusazio gisa aurkeztuko dira.

Patronalak esan du ikertuak errudun jotzen badituzte, Zigor Kodean aurreikusitako zigorrik altuena eskatuko dutela, zuhurtziagabekeriazko 13 hilketa delituren egile gisa.

Spain Nightlifek gogorarazi nahi izan du, Gaueko Aisialdirako Nazioarteko Elkartearekin batera, 10 urte daramatzalatela diskoteketan eta gaueko aisialdiko lokaletan segurtasuna bultzatzen, horrelakorik gerta ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak