Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, bikotekide ohia eta haren ama labanaz zauritzeagatik
Gertakariak bart jazo dira, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Emakumea Behaketan dago Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iruñeko Udaltzaingoak 43 urteko gizon bat atxilotu du hilketa saiakera egotzita, 36 urteko bikotekide ohia arma zuri batekin zauritzeagatik eta haren amari zauriak egiteagatik.
Iruñeko Arrotxapea auzoan izan zen erasoa. Emakumea Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, besoetan, lepoan eta eskuetan zauriak zituela, eta Behaketan dago.
Asteazkenean, 21:30ean, amaren etxetik ateratakoan, emakumeak bikotekide ohiarekin egin zuen topo. Udaltzaingoaren arabera, bikotekide ohiak labana batekin eraso zion, "ahalik eta kalte handiena egiten saiatuz".
Ama alabaren eta erasotzailearen artean jarri zen, eta erasotzaileak hari ere egin zizkion zauriak. Larrialdi zerbitzuak bertaratutakoan, bertan sendatu zizkioten zauriak, eta ez zuten ospitalera eraman behar izan.
Ustezko erasotzaileak ihes egin zuen, baina geroago, gauerdia pasata, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Ziurrenik ostiralean utziko dute epailearen esku.