Gizartea -
Mugimendu Feminista
Greba feminista orokorraren deialdia erregistratu dute Nafarroan, azaroaren 30erako
"Zaintzaren eskubide kolektiboa eratzea" da grebak izango duen aldarrikapen nagusienetakoa, "egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Herrian sistema publiko duin bat eraikiz". Bihar EAEn erregistratuko dute deialdia.
agentziak | eitb media
ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek greba feminista orokorraren deialdia erregistratu dute gaur, asteartearekin, Iruñean, datorren azaroaren 30erako.
"Zaintzaren eskubide kolektiboa eratzea" da grebak izango duen aldarrikapen nagusienetakoa, "egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Herrian sistema publiko duin bat eraikiz". Bihar, EAEn erregistratuko dute deialdia, 11:00etan.
Nafarroako Jauregiaren aurrean eta mobilizaziorako deia ahotan, Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren albokoak, eta LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk deialdiaren nondik norakoak zehaztu dituzte.
Haien hitzetan, aldarrien artean entzungo dira zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aintzat hartzea eta bermatzea, zaintza zerbitzuetan pribatizazioak eta azpikontratazioak bukatzea, sistema publikoa garatzea eta indartzea, etxez etxeko zerbitzua sendotzea, zaintza modu transbertsalean lantzea eta zaintzarako baimenak luzatzea.
Halaber, soldata txikitu gabe lan orduak murrizteko beharra aldarrikatuko dute, baita gizonezkoak zaintzara bideratzeko premia ere.
Zentzu horretan, Aranburuk gogora ekarri du gizonek erantzukizuna dutela horretan, finean, "zaintza lanak kolektibizatzea" delako gakoa.
Horrek dakar, erantsi du, "zaintza lanak berrantolatzea, krisi handi honen baitan". "Arrazoi nagusia ez da eboluzio demografikoa, emakumeok geroz eta jasangaitzagoa eta bidegabeagoa den sistema honen kontra egin dugula baizik"
Ildo berean, Muñoak (ELA) berretsi du greba feministaren helburua dela "guztiok behar dugun zaintza sistema berri baten alde egitea". Horregatik, emakume zein gizonei kalera ateratzeko deia egin die, "doako eta kalitatezko sistema publiko baten defentsan".