Gizartea -

Eguraldia

Ondo bereizitako bi zati izango ditu zubiak: ostegun eta ostiral eguzkitsuak eta asteburu heze eta freskoagoa

Hala, zubiaren lehenengo bi egunetan eguraldi egonkorrak jarraituko du, baina larunbat arratsaldean egoera nabarmen aldatuko da, hodeiak eta prezipitazioak izango baitira, batez ere isurialde atlantikoan.

Gorbeia. Argazkia: Jon Saenz de Ugarte
Gorbeia. Argazkia: Jon Saenz de Ugarte
Gorbeia. Argazkia: Jon Saenz de Ugarte

E. Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilarreko Ama Birjinaren zubi honek bi zati izango ditu, eguraldiari dagokionez. Alde batetik, ostegunean eta ostiralean giro eguzkitsua eta egonkorra izango da, eta tenperatura maximoak 30 gradutik oso gertu egongo dira lurraldeko eremu zabaletan.

Larunbatean, aldiz, eguraldi aldaketa handia gertatuko da, hodeiak ugaritu eta prezipitazioak izango baitira, batez ere isurialde atlantikoan. Gainera, termometroen jaitsiera nabarmena izango da, 22-23 graduren bueltan ibiliko baitira. Igandea antzekoa izango da, zaparradak botatzeko arriskuarekin. Hala ere, ez du asteburu osoan etengabe euria egingo.

Euskalmetek zehaztu duenez, gaur, osteguna, giroa beroa izango da berriro, eguzkia nagusituko da berriz, zeruan goi-hodei batzuekin. Haizeak hego-ekialdetik joko du goizean; arratsaldean ipar-ekialdetik, baina batez ere kostaldean. Tenperatura maximoak 30 ºC ingurukoak izango dira berriro.

Ostiralean beroak jarraituko du, baina aldaketa batzuk hasiko dira. Goizean hego-haizea aurreko egunetan baino indartsuago ibiliko da, eta minimoak altuagoak izango dira. Maximoak 30 gradu ingurukoak izango dira berriro.

Hasieran giro eguzkitsua izango da, baina arratsaldetik aurrera erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak iritsiko dira eta zerua ia estalita geratuko da. Arratsaldetik aurrera haizeak ipar-mendebaldera egin dezake.

Sute arriskuagatik abisu horia ezarriko du ostiralean EAEn Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Horren esanetan, landaredi lehorrari hego-haize zakarra batuko zaio, eta bi faktore horiengatik, suteak piztko arriskua "altu samarra" izango da egun osoan.

Larunbatean, fronte baten etorrerak egoera aldatuko du, eta tenperatura altuei amaiera emango die. Zerua lainotuta egongo da goizean goizetik, eta euria egingo du, batez ere ipar partean.

Egunaren bigarren zatian atertzera egingo du. Iparraldeko haizea ibiliko da, eta tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, 20 ºC-ren inguruan geratuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak