Gizartea -
Costumero auzia
Gorenak Murilloren eta Bizkaiko Aldundiko hiru langileren absoluzioa berretsi du
Horrela, Auzitegi Gorenak atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak 2021eko azaroaren 4an emandako epaiaren aurka Irune Costumerok jarritako helegitea; epai horrek baieztatu egin zuen, halaber, Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren 2020ko uztailaren 20ko erabakia.
EITB Media
Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak berretsi egin du Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko hiru funtzionarioren absoluzioa, Irune Costumerok prebarikazioa egotzi eta gero, alabaren zaintza erakundearen esku behin-behinean utzi zutela eta. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) eman du ebzapenaren berri.
Horrela, EAEko Auzitegi Nagusiko Zibil eta Zigor Arloko Salak 2021eko azaroaren 4an emandako epaiaren aurka amak jarri zuen helegitea atzera bota du Auzitegi Gorenak. Epai horrek, halaber, berretsi egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren 2020ko uztailaren 20ko erabakia.
Hain zuzen ere, prebarikazio, tratu txar eta lesio psikologikoen delituak leporatu zizkieten, 2017ko foru-agindu baten harira egindako epaiketan. Agindu horren bidez, Irune Costumeroren alaba adingabearen zaintza bere gain hartu zuen erakundeak, eta umea aitari utzi zion, aurrez zaintza partekatua agindu zuen epaileari kontsultarik egin gabe. 5 urte eta 6 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzen zuen akusazioak akusatuentzat. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundia ere absolbitu zuten (arduradun zibil subsidiario gisa eraman zuten auzitara).
Irune Costumerok Foru Aldundia salatu zuen "Gurasoen Alienazioaren Sindromea" (GAS) nahasmedu faltsua argudiatuta kendu ziotelako alabaren zaintza. Sindrome hori ez du nazioarteko erakunde mediko edo psikiatriko batek ere onartzen, baina prozesu judizialetan aplikatzen da, askotan amei haurrak kentzeko, aita ikusi nahi ez duten umeek sindrome hori dutela argudiatuz.
2017an banandu zuten umea amarengandik, eta kasua ez zen ordutik epaitegietara iritsi, etengabe saiatu arren. Orduz geroztik, aitarekin bizi da haurra. 2021eko ekainaren 7tik 9ra bitartean egin zuten epaiketa.