Gizartea -
Segurtasuna
Ertzaintzak zaintza indartuko du EAEko aireportu, gurtza zentro eta egoitza diplomatikoetan
Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak ohar informatiboa bidali die unitate guztiei, atentatu terroristen arriskuagatik 4. alerta maila indarrean dagoela eta. Bruselako eta Arraseko atentatu jihadisten ondotik etorri da ohartarazpena.
EITB Media
Ekialde Hurbileko gerrak Europan sorrarazi duen alerta egoeraren testuinguruan, Ertzaintzaren zuzendaritzak ohar informatiboa bidali die unitate guztiei ondorengo lekuetan zaintza indar dezaten: egoitza diplomatikoak, batez ere Israelgoa eta Palestinakoa; eta intereseko lekuetan, hala nola, autobus eta tren geltokiak, portuak, aireportuak eta gurtza zentroak.
Mehatxu Terrorista Baloratzeko Mahaiak —Barne Ministerioak, inteligentzia zerbitzuek eta Espainiako Estatuko polizia guztiek parte hartzen dute— atentatu terrorista arriskuagatik 4. alerta mailari eustea ebatzi zuen asteartean. Ondotik, Espainiako Gobernuak zirkularra helarazi zien guztiei, prebentzio neurriak gogorarazteko, eta horren ildotik dator Ertzaintzaren oharra ere.
Ertzaintzaren agenteek bereziki zainduko dituzte aipatutako lekuak, eta aireportuetan eta Bilboko eta Pasaiako portuetan Guardia Zibilarekin lankidetzan arituko dira.
Europa alerta maila gorenean dago Bruselan (Belgika) herenegun izandako eraso jihadistaren eta Arraseko (Frantzia) Gambetta lizeoan irakasle bat hil eta beste bi zauritu ostean. Gainera, Frantziako Estatuan hainbat gorabehera izan dira azken egunetan: Louvre museoa, Versaillesko jauregia eta Parisko Lyon geltokia itxi dituzte eta zazpi aireportu (tartean Biarritzekoa) hustu.