Gizartea -

ELKARRIZKETA, RADIO EUSKADIN

Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako Planaren betetze maila ia % 50ekoa da

Eusko Jaurlaritzako Klima Aldaketako zuzendariaren arabera, oraindik lan asko dago egiteko, batez ere, energia berriztagarrien arloan. Izan ere, EAEn kontsumitzen den energiaren % 13-15 baino ez da berriztagarria.

Adolfo Uriarte Radio Euskadin
Adolfo Uriarte Radio Euskadin
Adolfo Uriarte Radio Euskadin

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko egunez (urriak 24), Klima Aldaketaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Radio Euskadik eskuratu ahal izan duen informazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 aldirako onartutako Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Planaren betetze maila % 50 ingurukoa da. Horrez gain, plan horretan aurreikusitako hamar ekintzetatik bederatzi hasita daude.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Klima Aldaketako zuzendariak onartu du oraindik ere lan asko dagoela egiteko, batez ere, energia berriztagarrien arloan. Uriartek emandako datuen arabera, EAEn kontsumitzen den energiaren % 13 eta % 15 artean baino ez da berriztagarria, eta hasierako helburua 2024an % 20ra iristea zen. Halaber, alor horretan aurrerapauso gehiago ematea eta Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala datorren urtean onartzea espero du.

Uriartek ohartarazi du klima aldaketarena "arazo larria" dela, eta gero eta larriagoa izango dela. "Aspaldidanik ari gara lanean, baina gure erantzunen erritmoa azkartu behar dugu", gehitu du.

Trantsizio energetikoari eta klima aldaketari buruzko euskal legeari buruz galdetuta, "bai edo bai" legegintzaldi honetan onartzea espero du, "beste aukerarik ez dagoela" iritzita. EAJk eta PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean gehiengoa badute ere, alor horretan oposizioarekin akordioak lortzearen alde agertu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Energia jasangarriak Energia aurrezteko neurriak gaur Energia iturriak gaur