Gizartea -
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistaren biktimen erdien senideek eta lagunek egoera ezagutzen zuten, baina ez zuten salatu
Marlaska eta Redondo ministroek kasuak salatzeko eskatu die biktimen senide eta lagunei. "Ezin dira emakumeak gehiago kargatu, eguneroko beldurrezko egoera izugarri bat bizitzeaz gain, salatu ere egin behar baitute. Askotan ezin dute", azaldu du Berdintasun ministroak.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioa kanpaina espezifiko bat prestatzen ari da genero indarkeriaren biktimen senide eta lagunak salaketan "proaktiboak" izan daitezen. Izan ere, 2023ko 22 biktimaren ingurukoek egoera ezagutzen zuten baina ez zuen salatu.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Ana Redondo Berdintasun ministroak bilera egin dute, biktimak babesteko moduak indartzeko. Aste honetan, sei hilketa izan dira, eta azpimarratu dutenez, garrantzitsua da familia, lagunak, lankideak eta bizilagunak indarkeria matxistaren biktimen babesean inplikatzea, indarkeria jasaten duten emakumeentzat oso zaila baita salatzeko urratsa ematea.
"Ezin dira emakumeak gehiago kargatu, eguneroko beldurrezko egoera izugarri bat bizitzeaz gain, salatu ere egin behar baitute. Askotan ezin dute, baina ingurukoek ezagutzen dute, iragar dezakete, funtsezkoak dira defentsa horretan", baieztatu du Redondok.
Aurtengo 55 feminizidioetatik 13tan tratu txarrengatiko salaketak zeuden; gainerako 42etan, ez.
Grande-Marlaskak azpimarratu du gizartearen erantzukizuna dela genero indarkeria salatzea. Biktimei salaketa jartzeko eskatu die, baina batez ere ingurukoei helarazi die eskaera hori: "Konfiantza izan dezatela gure Segurtasun Indar eta Kidegoekin, askotan hori baita bizitza salbatzeko modu bakarra. Salaketa da Espainiako Estatuaren aterki babeslea irekitzeko aukera ematen diguna".
Ministroak zehaztu duenez, 2023ko bost biktima kasu aktibo gisa agertzen ziren VioGen-en (horietako hiru babes-aginduekin), eta beste zortzi, ez-aktibo, kasua artxibatuta zegoelako, erasotzailea absolbitu zutelako edo zigorra bete zuelako.
Redondok aurreratu du Berdintasun Ministerioa hilketa matxistak aztertzeko hilero egiten duten mahaian parte hartzen hasiko dela. Ministroaren esanetan, erakundeen arteko koordinazioa "ezinbestekoa" da "gizartearen erronka handi" horri heltzeko, "matxismo atabikoaren egiturazko arazo" horri aurre egiteko.