Gizartea -
gertakaria
15 urteko neska bat atxilotu dute Gasteizen, beste adingabe bat pornografia grabatzeko erabiltzeagatik
Adingabeak galbideratzea leporatzen diote, Internet bidez haur-pornografia egin eta zabaltzeagatik. Neskatoak adin txikiko senide bat erabili zuen pornografia grabatzeko.
EITB MEDIA
Polizia Nazionalak 15 urteko adingabe bat atxilotu du Gasteizen, adin txikiko senide bat pornografia grabatzeko erabiltzeagatik. Adingabeak galbideratzea egotzi diote, internet bidez haur-pornografia egin eta zabaltzeagatik.
Urte hasieratik Ikerketa Teknologikoko Unitatea (UIT) sare sozial batera bi bideo pornografiko igo zituen erabiltzaile bat ikertzen ari zen. Bideo horiek pedofiloak ziren, adingabe bat agertzen baitzen.
Lehen ikerketen ondoren, Polizia Nazionalak bideo hori Gasteizen kokatu zuen. Hala ere, zailtasun ugari izan ziren ikerketan: izan ere, bideoak igotzeko, susmagarriak hainbat senideren Interneteko konexioa eta telefono mugikorreko zenbakiak erabili zituen.
Azkenean, ordea, agenteek 15 urteko neskato bat identifikatu zuten gertakarien egile gisa. Neska horrek, baina, adin txikiko beste senide bat erabili zuen grabaketak egiteko. Bere helburua aurretik Interneten ikusi zuen eduki pornografikoa emulatzea zen.
Hori dela eta, urriaren amaieran, Arabako probintziako polizia-etxeko agenteek susmagarria atxilotu eta Probintzia Auzitegiko Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zuten.