Gizartea -

Sutea

Balmasedan kiskalitako eraikineko bizilagunak ezingo dira "luzaro" etxera itzuli

Gaur sartu ahal izan dira gauzarik beharrezkoenak biltzera, baina ezin izango dira beren etxeetara itzuli denbora batez. Alfonso San Vicente alkateak azpimarratu du ez dituztela bizilagunak bazter utziko eta Udalak "behar duten guztian lagunduko" diela.

Sutea Balmasedan (Bizkaia). Irudia: EFE.
Sutea Balmasedan (Bizkaia). Irudia: EFE.
Sutea Balmasedan (Bizkaia). Irudia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balmasedako alkate Alfonso San Vicentek adierazi duenez, bart San Severino plazako eraikin batean izandako sutearen ondorioz etxetik atera zituzten hamaika familiak euren etxeetara itzultzeko prozesua "luze" joango da, eta kaltetuei Udalaren laguntza guztia eskaini die.

Sua ostiraleko 21:10ean piztu zen eta 02:00ak arte ez zuten itzaltzerik lortu. Ez da kalte pertsonalik izan, baina lau solairu eta egurrezko egitura dituen eraikinean bizi diren hamaika familiak etxetik atera behar izan dituzte, eta gaua etxetik kanpo igaro dute. Horietako zazpi herriko hotel batera eraman dituzte, eta gainerakoak senideek edo lagunek hartu dituzte.

Radio Euskadin Alfonso San Vicente Balmasedako alkateak eman dituen azalpenen arabera, egituraren lehen balorazioa egin dute, eta datorren astean berriro ikuskatuko dute. Horren ostean hasiko da aseguru-etxeen eskuhartzea, eta, beraz, zaila da epeak aurreikustea. Alkatearen iritzian, "etxera itzultzeak luze joko du", eta, "jakina, Udalak ez ditu bazter utziko, behar duten guztian lagunduko diegu", gaineratu du. 

Suak kaltetutako eraikinean, San Severino plazako 13. zenbakian, bizi diren bizilagunak beren etxeetara sartu ahal izan dira larunbat goizean, gauzarik beharrezkoenak biltzera. 

Alkatea bertan izan da, bizilagunei elkartasuna adierazteko eta Udalaren laguntza eskaintzeko. Horren esanetan, kaltetu guztiekin hitz egingo dute. Udalaren kezka nagusia herriko hotel batean hartu dituzten zazpi lagunak dira, gainerako kaltetuak senideekin baitaude. Zenbait herritarrek hutsik dituzten etxe edo pisuak eskaini dizkiete kaltetutako bizilagunei.

Sua zerk eragin duen jakiteko goiz bada ere, badirudi ganberetako batean piztu zela, suhiltzaileen lehen ikerketen arabera. Eraikinak egurrezko egitura duenez, sua oso azkar zabaldu da, eta sugarrek laugarren solairua suntsitu dute, baita teilatua ere, behera etortzeraino. Sua itzaltzeko erabili den urak, berriz, kalte materialak eragin ditu lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan, baina ez du egiturazko kalterik eragin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Balmaseda Albisteak Suhiltzaileak Enkarterri gaur