Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Tuteran bikotekidea jotzeagatik larri zauritzeraino
Poliziari deitu zion, bikotekideak eraso egin ziola esanez, eta iritsi zirenean, agenteek eskuan zauri arin bat zuela aurkitu zuten gizona; eskailburuan aurkitu zuten emakumea, eta aurpegian zauri larriak zituela eta, Reina Sofia Ospitalera eraman behar izan zuten.
Agentziak | EITB Media
Tuterako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du genero-indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita, bikotekideari aurpegian emandako kolpe larrien egilea delakoan. Reina Sofia Ospitalean artatu behar izan dute emakumea.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, larunbateko 06:20 aldera, gizon batek deitu zien, Erriberako hiriburuko Neguko Pasealekuko etxebizitza batean bikotekideak arma zuri batekin eraso ziola esanez.
Agenteak bertaratu zirenean, 31 urteko emakume bat aurkitu zuten eskailera-buruan, etxeko ate aurrean, aurpegian zauri handiak zituela.
Etxebizitzaren barruan bikotekidea eta labana bat aurkitu zituzten sukaldeko lurrean, baita odol-arrastoak ere. Gizonak zauri arinak zituen eskuan; emakumea, berriz, Reina Sofia Ospitalera eraman behar izan zuten, aurpegian zituen zauri larriak artatzera.
Gizona atxilotu egin zuten genero-indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita, eta Foruzaingoaren polizia-etxera eraman zuten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.