Gizartea -
Berdintasuna
Jaurlaritzak % 59 igo du Gizonduz zerbitzuaren aurrekontua, "neomatxismoaren gorakadari" aurre egiteko
Gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko berdintasunaren aldeko euskal zerbitzuak ekintza berriak garatuko ditu aurten. Besteak beste, jokabide matxista problematikoak dituzten eta jarrera horiek aldatzeko prest dauden gizon gazteekin esperientzia pilotu bat jarriko dute martxan.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak % 59 igoko du Gizonduzen, gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko berdintasunaren aldeko euskal zerbitzuaren, aurtengo aurrekontua. Nazioarte mailan "gero eta joera neomatxista handiagoa" atzeman du Jaurlaritzak, eta horri sentsibilizazioarekin erantzun behar zaiola uste du.
Gizonduz ekimenaren 2024ko lan estrategia prentsaurrekoan azaldu dute Nerea Melgosa sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Azaldu dutenez, diru partida handitzearekin batera, orain arte programa zena zerbitzu bihurtuko dute. Hala, esku-hartze anbiziotsu, integral eta dibertsifikatuagoa lortuko dute.
Biak ala biak kezkatuta azaldu dira nazioartean hazten ari den olatu "neomatxistarekin". Joera horrek "desberdintasuna eta genero-indarkeria ukatzen ditu, eta gazteen artean eragina izaten ari da", nabarmendu dute. Horren aurrean, gizonen sentsibilizazioa indartzearen aldeko apustua egin dute, horrela jokatuz gero "emaitzak lortzen direla egiaztatu delako".
Aurtengo berrikuntzen artean, gizon gazteei zuzendutako programa pilotu bat jarriko dute martxan. Bertan jokabide matxista problematikoak dituzten eta jarrera horiek aldatzeko prest dauden gizonekin arituko dira. Horrez gain, orain arteko prestakuntza eta sentsibilizazio programarekin jarraiko dute, eta Gazteak Berdintasunean proiektuarekin (gazteen artean berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa sustatzea du helburu). Halaber, adingabeekin lan egiten duten profesionalen prestakuntza bultzatuko da eta aholkularitza eskainiko zaie erakunde publikoei eta pribatuei berdintasunaren aldeko maskulinitateekin lotutako proiektuak diseinatzeko.
Era berean, politika publikoetan gizonen eta maskulinitateen ikuspegia txertatzeko jarraibideak biltzen dituen gida bat egingo dute, eta profesionalak prestatuko dira kirolaren arloan sentsibilizatzeko.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, Gizonduzen helburua da gero eta gizon gehiago, bereziki gazteak, egotea "berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka konprometituta". Gainera, Elgarrestak azaldu duenez, etxeko lanetan eta pertsonak zaintzeko lanetan erantzunkidetasuna orokortu nahi da.
"Berdintasuna sustatzeak eta maskulinotasun tradizionala edo patriarkala zalantzan jartzeak, emakumeei ez ezik, gizarte osoari eta gizonei ere egiten die mesede, euren nortasuna modu integralagoan eta genero-estereotipoetatik askeago garatzen laguntzen baitu", azpimarratu du.