Gizartea -
TEKNOLOGIA ETA OSASUNA
Etxeko osasuna, gurea bezain garrantzitsua
Tableta, mugikorra, mikrouhin-labea, xurgagailua.. gero eta tresna elektroniko gehiago ditugu gure etxeetan. Zalantzarik ez dago gure egunerokoan beharrezkoak ditugula horietariko asko, baina horien erabilera gutxituz eta, gure kabuz neurri txikiak hartuz, etxe osasuntsuago batean biziko gara.
EITB MEDIA
Eremu elektromagnetikoekiko espozioaren aurrean, badira kutsadura elektromagnetikoaz hitz egiten dutenak. Osasunaren mundu erakundeak ebidentzia zientifikorik ez dagoela azaldu du, baina, ikerketak egiten ari dira. Horren aurrean praktikan jarri daitezkeen gomendioak jaso dituzte Gebioteken, neurketa elektromagnetikoak egiten dituzten enpresan. Haien aburuz, denbora gehien pasatzen duzun eremuetan arreta jartzea izango litzateke garrantzitsuena: logelan, sukaldean edo egongelan, hain zuzen ere.
Gaueko egonaldiak luzeagoak direla kontuan hartuta, kutsadura elektromagnetikoaren maila oso txikia izan beharko litzateke logelan; Wifia itzaltzea, telefono mugikorra mesanotxean ez edukitzea (eta hala eginez gero, hegazkin gisa edukitzea), aparatu guztiak deskonektatzea eta piladun iratzargailua erabiltzea lagungarri izan daitezke emisio horiek murrizteko.
Bestalde, haririk gabeko komunikazio-teknologiak, neurri handi batean, eremu elektromagnetikoen mende daude, informazioa hari gabe transmititu ahal izateko. Ahal izatera, hortaz, horien erabilera gutxitzea gomendatzen da; izan ere tablet eta eramangarriak gorputzetik hurbil denbora luzez izatea kaltegarria izan daiteke. Haririk gabeko entzungailuak edo bluetootha duten edozein gailu ere neurriz erabili edo kabledunekin ordezkatu.
Etxetresna elektrikoak dira maiztasun baxuko erradiazio elektromagnetiko handieneko fokuak etxebizitza barruan. Kontu handiz ibili behar da bitrozeramikarekin eta, batez ere, indukzio-plakekin, eta mikrouhin-labearen erabilera ahal dela minimizatu egin behar da.
Keinu hutsalak dira, gure egunerokoan gehiegizko ahaleginik eragiten ez dutenak, baina hainbat ingurumen-faktoreri eta, batez ere, gure osasunari mesede egin diezaioketenak.
Gure etxea kutsadura elektromagnetiko oso handia dagoela antzematen bada, onena teknikari batekin kontaktuan jartzea da, azterketa bat egin ea behar diren babes neurriak hartzeko.