Gizartea -

ARABAKO LURRALDE AUZITEGIA

Fiskaltzak 18 urteko zigor eskaerari eutsi dio bi etxegaberi aurpegia erretzeagatik auzipetutakoentzat

Epaiketa hasi aurretik, 18na urteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bi akusatuetako bakoitzarentzat. Auzitegi medikuak esan ondotik biktimak hiltzeko arriskua "handia" izan zela, homizidio saiakera kalifikazioa mantentzea erabaki du fiskalak.

Etxerik gabeko bi pertsonari aurpegia erretzeagatik akusatuta bi gizonen kontrako epaiketa. EFE
Etxerik gabeko bi pertsonari aurpegia erretzeagatik akusatuta bi gizonen kontrako epaiketa
Etxerik gabeko bi pertsonari aurpegia erretzeagatik akusatuta bi gizonen kontrako epaiketa. EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak hasierako zigor eskaerari eutsi dio eta auzitegi medikuak epaiketaren gaurko saioan esandakoaren ondotik, 18na urteko kartzela eskatu du bi etxegaberi Gasteizen aurpegia erretzeagatik auzipetutako bi gizonetako bakoitzarentzat. Hain zuzen ere, auzitegi medikuak esan baitu biktimak hiltzeko arriskua "handia" izan zela.

Arabako Lurralde Auzitegian gaur egin dute epaiketaren bigarren eta azken saioa, 57 eta 60 urteko bi pertsonari 2019ko urriaren 16an esprai batekin eta metxeroarekin aurpegia erretzeagatik.

Biktimetako bat 2020ko azaroan hil zen erasoarekin zerikusirik ez zuten arrazoiak tarteko, eta bigarrena ez da epaiketara agertu.

Epaiketa hasi aurretik, hilketa saiakera bana leporatu zien Fiskaltzak bi akusatuei eta horregatik 18 urteko espetxe zigorra eskatu du bakoitzarentzat. Gaurko saioan, auzitegi medikuak esan ondotik biktimak hiltzeko arriskua "handia" izan zela, homizidio saiakera kalifikazioa mantentzea erabaki du fiskalak. 

Bi biktimak glotiseko edema izan zuten, eta, hortaz, osasun langileen esku hartzerik gabe, hiltzeko arriskua zela izan zela adierazi dute gaur auzitegi medikuek. Gauzak horrela, homizidio saiakera kalifikazioa mantentzea erabaki du fiskalak, nagusitasun astungarriarekin, akusatuak biktimak baino askoz gazteagoak baitira.

Akusatuetako baten defentsak argudiatu du bere bezeroak alkoholarekiko mendekotasuna eta adimen desgaitasuna duela, eta gaur egun psikiatriko batean dagoela. Hori dela eta, elementu horiek salbuesle gisa aintzat hartzeko eskatu du, "errekuperatzeko laguntza behar duelako".

Bigarren akusatuaren abokatuaren esanetan, bere bezeroak ere alkoholarekiko mendekotasun "larria" du eta osasun mentaleko zentroetan egon izan da, "emaitza apalekin", artatu zuen psikiatra batek gaur epaiketan esandakoaren arabera. Defentsak homizidio saiakera delituagatik absolbitzea eta lesio delituagatik zigortzea eskatu du, beti ere aringarriak eta erasoa aitortu izana aintzat hartuta.

Azken saioan, bi akusatuek barkamena eskatu diete biktimei eta horien senideei, eta ziurtatu dute ez zela beraien helburua inori lesioak eragitea.

Epaiaren zain gelditu da bi etxegaberi Gasteizen 2019an egindako erasoari buruzko epaiketa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak albisteak Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak