Gizartea -
LEHIAKETA PUBLIKOA
Horrelakoa izango da etorkizuneko Abando auzoa: parke erraldoi bat, geltokiaren ganga historikoan integratuta
"Abando Taupadak" proposamenak irabazi du etorkizuneko Abando auzoko diseinu urbanistikoa erabakitzeko Bilboko Udalak antolatutako proiektu-lehiaketa.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
"Abando Taupadak" proposamenak irabazi du etorkizuneko Abando auzoko diseinu urbanistikoa erabakitzeko Bilboko Udalak antolatutako proiektu-lehiaketa.
Hain zuen, OVE Arup & Partners SAU/ Arquitectura Agronomia, S. L. P/ G&C Arquitectura y Urbanismok osatutako taldearen proposamena aukeratu du epaimahaiak, aurkeztu diren bost proposamenetatik egokiena delakoan.
Proiektu irabazlea etorkizuneko parke zentralaren jarraitutasuna indartzeko premisatik abiatzen da, eta, geltokiaren barruan, ganga historikoarekin integratzen du espazioa.
Aldiz, eraikinak eta ekipamenduak espazioa askatzeko eta Abandotik parkera diagonaleko ikusizko lerroak sortzeko antolatzen ditu.
Ildo horretan, zuhaitzek parkea zatitzen dute, eraztunen bidez: kanpoko perimetroan, tamaina handiagoko landareak daude, eta, erdiguneetan, landare gutxiagoko eremu argiagoak. Hala, parkea Hurtado de Amezaga kalearekin lotzen da, geltokiko gangaren barrualdetik. Ardatz nagusiak geltokiari zerbitzua ematen dion kiss and ride motako gune bat ere badu, hau da, ibilgailu pribatuen egonaldia mugatuta daukan eremu bat.
Bestalde, etxebizitzak etxadi urratuetan antolatzen dira, oinezkoen eta ibilgailuen fluxuari erantzuteko. Gainera, bizitegi-blokeak altuera desberdinetakoak dira, eguzki-argitasun handiagoa lortzeko.
"Abando Taupadak" proiektuak puntuaziorik altuena lortu du antolamendu-proiektua etorkizuneko lurpeko geltokiarekin integratzeko moduari dagokionez, Bilboko Udalak azaldu duenez: ganga historikoa kontserbatzeko formula, oinezkoen eta ibilgailuen sarbideak eta sestra gaineko urbanizazioa, besteak beste. Era berean, oso positibotzat jo du epaimahaiak mugikortasun-zerbitzuen (taxiak, autobusak...) integrazioa eta funtzionaltasuna, bai eta bizikletak aparkatzeko eremu bat izatea ere.