Gizartea -

Ukrainiako gerra

Ukrainako gerraren bigarren urteurrena gogoratu dute EAEko hiriburuetan egindako manifestazioetan

Mobilizazio horiekin antolatzaileek gogorarazi nahi izan dutenez, "arreta mediatikoa murriztu den arren", gerrak "Ukrainako lurraldea kolpatzen jarraitzen du", eta, gainera, Errusiaren erasoak "gogortu" egin direla gogorarazi dute.

Larunbat arratsaldeko manifestazioa Bilbon.
Larunbat arratsaldeko manifestazioa Bilbon.
Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleetan Ukrainako gerraren amaiera eskatu dute ehunka lagunek

0:43

Agencias | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona kalera atera dira larunbat honetan Gasteizen, Bilbon eta Donostian, Errusiaren inbasiotik bi urte bete direnean, Ukraina-Euskadi Elkarteak gatazka amaitzea eskatzeko egindako deiari erantzunda.

Mobilizazio horiekin antolatzaileek gogorarazi nahi izan dutenez, "arreta mediatikoa murriztu den arren", gerrak "Ukrainako lurraldea kolpatzen jarraitzen du", eta, nabarmendu dutenez, Errusiaren erasoak "gogortu" egin dira, gainera, azkenaldian. 

Martxak "Ukrainanian World Congress" ekimenarekin koordinatu dira, eta, horri esker, munduko hainbat lekutan aldi berean egin ahal izan dira manifestazioak, herritarrak bat eginda "Ukrainaren ahotsa" izan daitezen.

Gasteizen, Bilbo plazatik abiatu da; "Genozidioari stop eta askatasuna" zioen pankartaren atzetik ehun bat lagun joan dira, Ukrainako banderak eskuetan, eta, haien atzetik, dozenaka herritar. 

Bilbon Moyua plazatik atera da eta Donostian Kursaaletik. Goizean, Bizkaiko hiriburuan, UkraniaSOS Comunicación elkarteak elkarretaratzea egin du "Ukrainako herriak gaur egun bizi duen mina" eta "etengabeko gerra eta gatazketan" beste herri batzuek pairatzen dutena deitoratzeko.

Ohar baten bidez elkarteak azpimarratu duenez, "atzo Ukrainak elkartasuna behar bazuen, gaur ere behar du; atzo Gazak eta Zisjordaniak elkartasuna behar bazuten, gaur ere behar dute; atzo munduko beste herri batzuek elkartasuna behar bazuten, gaur ere behar dute". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Ukraina Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Errusia-Ukraina gerra