Gizartea -
MOBILIZAZIOAK
Palestinako genozidioa salatu eta Israelekiko harremanak etetea eskatu dute milaka euskal herritarrek
Milaka lagun bildu dira gaur eguerdian Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, BDZk deituta, Gazan gertatzen ari dena salatzeko eta gobernuen pasibotasuna salatzeko. Israeli armak saltzeari uzteko eskatu dute eta boikotaren alde egin dute.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Milaka pertsona atera dira igande honetan Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko kaleetara "Palestinaren aurkako genozidioa geldiaraztea" eskatzeko, Israeli zigorrak ezartzeko eta Israelekin arma merkataritza bertan behera uzteko eskatzeko.
BDZ Boikot Desinbertsio eta Zigor kanpaina garatzeko taldeak deituta egin dira manifestazioak 12:00ak edo 12:30etan hasita, hiriburuaren arabera, "Konplizitaterik ez. Israeli boikota!" leloa zeramaten pankarten atzean.
4.500 pertsona bidlu dira Iruñean, Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren arabera eta zertxobait gutxiago EAEko hiriburuetan, Palestinako banderak, genozidioa salatzen zuten pankartak eta bestelako hainbat mezu eraman dituzte manifestariek.
Aldarrikapenak
Manifestazioen ostean, lurralde bakoitzeko BDZ taldeko bozeramaileek manifestu bat irakurri dute estatu frantses eta espainiarrari zein Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Erakundeei exijituz "neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzatela; Gazako zerrendako genozidioa eta Palestinako okupazioa, apartheida eta kolonialismoaren kontra".
Iruñean, Gasan Sad bozeramaileak gogor salatu nahi izan ditu Israelgo Estatuaren ekintzak, "mundua baimentzen ari zaionak". "Nafarroako gizartea hemen bildu gara Palestinarekiko elkartasuna adierazteko, genozidio hau geldiaraztea eskatzeko eta nahikoa da oihukatzeko; gizatasuna izan behar da. Orain jada ez dute balek edota bonbek bakarrik hiltzen, orain hotzak eta goseak ere hiltzen dute" salatu du.
"Mundua onartzen ari dena lotsagarria da" berretsi du. "Argi esan nahi diogu Sanchezi harremanak eten beharra dauzkala Israelekin, armak saltzeari utzi behar zaiola eta herritarrei kasu egin. Mobilizatzen jarraituko dugu" esan du. Espainiako Gobernuak "diskurtso ausarta" duela "mendebaldeko estandarrak ikusita" nabarmendu du, baina ez dela ahaztu behar aurrera jarraitzen dutela Israelekiko harreman diplomatiko, ekonomiko eta komertzialek.
BDZtik salatu dute Israelek ez diola jaramonik egin Nazioarteko Justizia Auzitegiak urtarrilaren 26an emandako ebazpenari eta sarraskiarekin jarraitzen dutela. Hala, Israelek jada 30.000 pertsona hil dituela salatu dute, horien erdiak baino gehiago haurrak.
"Ez dira geldituko Gazako azken txokoa suntsitu eta gazatar guztiak desagertarazten dituzten arte" diote. Une honetan 1,5 milioi gaztar Rafahn pilatuta daudela ere gogorarazi dute, "Iruña Okako udalerriak duen azaleran".
Gauzak horrela, antolatzaileek eskuorriak banatu dituzte "elkartasuna antolatu" eta "Boikot, Desinbertsio eta Zigorretara bat egitera deituz. "Mundu osoko herritarrak ahotsa altxatzen hasi gara. Haserre, hunkituta, nazkatuta gauden arren, gobernu, kapital eta botere guneek Israeldar proiektua babesten jarraitzen dute. Arma industria, kolonizazio ekonomikoa eta genozidioaren zilegitzea errotuta daude boteredunen artean" idatzi dute.
Horregatik, boikota proposatzen dute: "Boikot antolatua, estrategikoa, zapalkuntzaren oinarri ekonomikoak kolokan jarriko dituena. Hego Afrikako apartheida eraitsi bezala, hau ere eraisteko" esan dute, eta besteak beste, AXA, Puma, Carrefour, Siemes, HP, McDonalds, Burger King, Pizza Hut etab.i boikot egitera deitu dute.