Gizartea -
Zirkulazioa
Lau gazte hil dira auto-istripuz, Tuteran; tartean hiru adingabe
Tuterakoak ziren denak eta 22, 13, 12 eta 10 urte zituzten. Ibilgailua Mejana ubidera erori da eta itota hil dira autoan. Lehen informazioen arabera, gehiegizko abiadurak eragin du ezbeharra.
Erredakzioa
Ezbehar larria izan da bart gauerdia aldera Nafarroako Tutera herrian. Tuterako lau gazte hil dira zihoazen autoa ubide batera erorita.
Hildakoak M.N. E. , 22 urteko gidaria, eta hiru adingabe dira, 13, 12 eta 10 urtekoak. Hiru horiek atzeko eserlekueta zihoazen.
Adingabeetako bi jatorri marokoarra dute.
Istripua gauerdia baino minutu batzuk lehenago izan da. Lau gazteak auto batean zihoazen eta Tuterako Mejanako ubidera erori dira. Tuterako suhiltzaileek atera dituzte hildakoak.
Autoak leihoa irekita zeukan eta beste inor uretan ote zegoen arakatzen ere ibili dira suhiltzaileak, baina ez dute inor aurkitu.
"Gehiegiozko abiadura"
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Javier Gonzalez Vazquez Udaltzaingo eta Herrizaingo zinegotziak esan duenez, "lehen informazioaren arabera, gidariaren arduragabekeriak eta gehiegizko abiadurak eragin dute istripua".
Zinegotziaren arabera, istripua Udaltzaingoaren kuarteletik 100 metrora gertatu da, "bihurgunerik gabeko tartean, eta galtzada egoera onean dago". Gonzalezen hitzetan, "istripuaren irudia izugarria zen, bihotza hunkitzen duen horietakoa".
Gertatutakoa argitzeko ikerketa abian da eta hilotzak Tuterako beilatokira eraman dituzte.