Gizartea -
Istripua
Tuterak auto istripuan hildako lau gazteak agurtu ditu
Tuterako San Jose elizan bertakoak ziren bi gazteengatik hileta elizkizuna egin dute 11:00etan. Beste bi gazteak, ordea, Marokora eraman eta bertan lurperatuko dituzte.
Erredakzioa
Tuterak azken agurra eman diete auto-istripuan hildako lau gazteei. Herriko eliza txiki geratu da bertan bildu diren guztie harrera egiteko. Hildakoak zihoazen autoa, ubide batera erori zen ostegunetik ostiralerako gauerdian, eta bidaiari guztiak hil egin ziren. Autoak leihoa irekita zeukan eta beste inor uretan ote zegoen arakatzen ere ibili ziren suhiltzaileak.
M.N.E. ibilgailuaren gidaria (22 urtekoa) eta 12 urteko haurraren hileta-elizkizunak eliza berean egin dituzte, baina banan-banan. Hauen gaubeilak azken orduetan egin dituzte Tuterako beilatokian. Handik metro gutxitara, erkidego musulmanak beste bi hildakoen senitartekoekin izan dira, 13 eta 10 urteko bi anai. Datozen egunotan Marokora aberriratuko dituzte.
'Gehiegizko abiadura'
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Javier Gonzalez Vazquez Udaltzaingo eta Herrizaingo zinegotziak esan duenez, "lehen informazioaren arabera, gidariaren arduragabekeriak eta gehiegizko abiadurak eragin dute istripua".
Zinegotziaren arabera, istripua Udaltzaingoaren kuarteletik 100 metrora gertatu da, "bihurgunerik gabeko tartean, eta galtzada egoera onean dago". Gonzalezen hitzetan, "istripuaren irudia izugarria zen, bihotza hunkitzen duen horietakoa".