Gizartea -
TEKNOLOGIA
Worldcoinek salatu du Espainia "baieztapen okerrak zabaltzen" eta "araudi europarra urratzen" ari dela
Asteon, Worldcoin proiektua geldiarazteko agindua eman du Datuen Babeserako Espainiako Agentziak. Kriptotxanponen truke, irisa eskaneatzen diote herritarrei, informazio lortzeko.
EITB MEDIA
Worldcoin proiektua behin behinean bertan behera uztea agindu du Datuen Babeserako Espainiako Agentziak, irisa eskaneatuz lortutako informazioarekin herritarren pribatutasuna arriskuan egon daitekeela iritzita. Erabaki horren aurrean, berehala etorri da Tools for Humanity (Worldcoinen arduraduna) enpresaren erantzuna: Espainia "baieztapen okerrak zabaltzen" eta "araudi europarra urratzen" ari dela salatu du.
Orain hilabete batzuk hasi ziren munduko hainbat herrialdetan herritarrei kriptotxanponen truke irisa eskaneatzen. Euskal Herrira ere iritsi zen praktika hori. Helburua, arduradunen hitzetan, "pertsonak identifikatzeko mundu mailako metodo seguru bat sortzea, inteligentzia artifizialaren aurrean".
Hedabide honetara igorritako ohar batean, Jannick Preiwisch Tools for Humanity konpainiako datuen babeseko arduradunak azaldu du Espainiak bere erabakia hartzerakoan ez duela Europar Batasuneko araudia kontuan hartu. "Gure teknologiari buruzko baieztapen okerrak zabaltzen ari dira mundu osoan", gehitu du.
Halaber, ziurtatu du azken hilabetetan saiatu direla Datuen Babeserako Espainiako Agentziarekin harremanetan jarri eta informazioa partekatzen, baina erantzunik ez omen dute jaso. Erabiltzen ari diren teknologia "legezkoa" eta "beharrezkoa" dela nabarmendu du.
Bavariako agintariekin "aspalditik lanean" ari direla ere erantsi du Tools for Humanityko arduradunak. "Erabiltzen ari garen teknologia irtenbide seguruena da inteligentzia artifizialaren garaiotan, gizateriaren pribatutasuna babesteko".