Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarriko dute igande honetan, 100 km/h-ko haize boladak izango direlako kostaldean

10:00etatik 15:00etara egongo da indarrean abisua. Urduñako estazio meteorologikoan orduko 126,3 kilometroko haize kolpeak neurtu dituzte gauerdian.

Edukiontzi bat lurrean, haizeak botata, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Edukiontzi bat lurrean, haizeak botata, Gasteizen
Edukiontzi bat lurrean, haizeak botata, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du Euskal Autonomia Erkidegoan igande honetan, haizeak gogor joko duelako, batez ere, kostaldean. 10:00etatik 15:00etara egongo da indarrean abisua. Haizeak norabide aldaketa izango du goizean, eta mendebal ipar-ekialdetik joko du, 100 km/h-ko boladekin.

Bizkaia eta Gipuzkoako mendialdean 80-100 km/h-ko abiadura hartuko du, nahiz eta babestuago dauden tokietan motelago ibiliko den (60-80 km/h). Araban, berriz, 70-90 km/h-ko ufadak neurtuko dituzte babes gutxiko lekuetan, eta 50-70 km/h-koak haizeak hain gogor jotzen ez duen tokietan.

Itsas kostaldeko arriskuagatik ere abisu horia ezarriko dute, 09:00etatik 18:00etara. 3-3,5 metro inguruko olatuak egongo dira eguerdian.

Gaurkoa ere, egun haizetsua izan da. Urduñako estazio meteorologikoan orduko 126,3 kilometroko haize kolpeak neurtu dituzte gauerdian, Karrantzakoan 119koak, Jaizkibelen 111,9koak eta Oizen 103koak.

Euskalmetek jakinarazi duenez, babestuago dauden zenbait lekutan ere bolada gogorrak izan dira; Zizurkilen (102 km/h), Navarreten (96,7 km/h) eta Bidanian (91,7 km/h), kasu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kantauri itsasoa