Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Korrikaren hasiera, hauteskundeak Katalunian eta Erreginaren Kopa: Bartzelona-Athletic
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 14an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Korrikaren hasiera: 23. Korrikaren hasiera ekitaldia 15:30ean egingo da Irungo San Juan plazan eta ondoren, 16:00etan, abiatuko da. Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Azkaine... dira Korrikaren lehen kilometroak hartuko dituzten aurreneko herrietako batzuk. EITB Mediako hedabideek zuzenean eskainiko dute Korrikaren hasiera ekitaldia eta eitb.eus-ek zuzenean emango ditu lasterketaren irudiak, streaming bidez 24 orduz.
- Hauteskundeak Katalunian: Pere Aragones Generalitateko presidenteak Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak maiatzaren 12ra aurreratzeko hartutako erabakiak lurrikara politikoa eragin du Katalunian ez ezik, baita Espainian ere. Kataluniako Parlamentuak 2024ko aurrekontuak atzera bota ondoren erabaki zuen hauteskundeak aurreratzea, eta, segidan, Sanchezek aurtengo aurrekonturik ez aurkeztea erabaki zuen, eta hurrengo urtekoak prestatzen hastea. Testu inguru horretan, ez da baztertzen Carles Puigdemont Juntsen hautagaia izatea.
- Erreginaren Kopa: Bartzelona-Athletic: Athleticek Erreginaren Kopako finalerako txartela lortu nahi du, 21:00etaik aurrera, Johan Cruyff zelaian jokatuko den itzulerako partidan Bartzelona gaindituta. Joaneko 0 eta 3ko emaitzaren ostean, kanporaketa irauli beharko dute zurigorriek. Bartzelona-Athletic partida zuzenean jarraitu ahalko da, eitb.eus-en eta ETB1en bidez.