Gizartea -

23. KORRIKA

Abiatu da Korrika, Irundik Baionara

Bidasoako AEK euskaltegiko 11 irakaslek izan dute lekukoa eskutan hartu eta lehen kilometroa egiteko ohorea. Irunen batu diren milaka euskaltzaleren txalo artean egin dituzte lehen pausoak. eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du ibilbide osoa.

Irun, gaur arratsaldean. Argazkia: EITB Media
Irun, gaur arratsaldean
Martxan da 23. Korrika

0:40

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiatu da 23. Korrika, lasterketak berezkoak dituen emozio, urduritasun eta zirrara artean, abiatu ere. Irunen hasi da euskararen aldeko lasterketa, eta 11 egunetan Euskal Herri osoa alderik alde— 2.700 kilometro, 205 herri eta hiri— zeharkatuko du, lurraldez lurralde, martxoaren 24an Baionara iritsi arte. Herri aldarrikapenaren Korrika da aurtengoa. Bere buruaz konplexurik gabe harro bai, baina konforme ez dagoen herri baten aldarria. Harro dagoen herri baten oihua. Hortik, leloa: "Herri Harro".

Begiak bustita eta irribarre gozoa ahoan, Bidasoako AEK euskaltegiko 11 irakaslek izan dute lekukoa eskutan hartu eta lehen kilometroa egiteko ohorea, Irungo San Juan plazatik abiatuta, 16:00ak puntuan. Maddi Sanz arpa-jolearen eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartarien doinuek lagunduta egin dituzte lehen pausoak. Korrika Baionara iristen denean ezagutuko da lekukoaren barruan Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak gorde duen mezua. 

Zure interesekoa izan daiteke: Korrika zuzenean, 24 orduz

Goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Elordik azpimarratu du euskarak denak behar dituela, "hangoak eta hemengoak, euskaradunak eta ez euskaradunak". "Korrikaren arrakastak euskaradunak ez direnak deseroso sentiarazten baditu, helburuen parte bat lortu dugun seinale izango da", adierazi du. Lasterketak irauten duen 11 egunetako "poz kolektiboa", martxoaren 25etik aurrera "konpromiso" bilakatzea dela erronketako bat erantsi du.

Lehen egun honetarako, egun osoko festa antolatu du AEK-k Irunen. Egitaraua goizeko 11:00etan hasi da, Gazte Korrikarekin, eta 15:30ean 23. Korrikaren hasiera ekitaldia abiatu dute. Bidasoako AEK Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, "lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko".

Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune, Azkaine... dira Korrikaren lehen kilometroak hartuko dituzten aurreneko herrietako batzuk. Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Nafarroan igaroko ditu lehendabiziko egunak, eta martxoaren 18ko goizaldean  iritsiko da Arabara. Handik, atzera berriz Nafarroara sartu-irtena egin ondoren, Gipuzkoarako eta Bizkaiarako bidea hartuko du, herriz herri, Lapurdiko hiribururaino iristeko, hilaren 24an; 09:20 aldera helduko da azken txanpara, eta 12:30ean sartuko da Udaletxe Plazara. Amaierako jai handia 13:30etik aurrera dago aurreikusita.

Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko da edizio honetan. Urteak daramatzate Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa eta brebeta azterketak euskeraz egin ahal izatea eskatzen, eta egiten ari diren ahalegina aitortuko zaie.

EITB Mediako hedabideek zuzenean eskainiko dute Korrikaren hasiera ekitaldia eta eitb.eus-ek zuzenean emango ditu lasterketaren irudiak, streaming bidez 24 orduz. Errealizatutako seinalea Nahieran aplikazioan eta YouTube kanalean ere izango da ikusgai.

Maite Arroitajauregi "Mursego"-k konposatu duen kantua entzungo da Irundik Baionarako bide osoan:

23. Korrika: ''Harro herri''
23. Korrika: ''Harro herri''
23. Korrika: ''Harro herri''

4:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Korrika Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Zuberoa albisteak Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa