Gizartea -
Aste Nagusiaren balorazioak
Bilboko Udalak, 'printzipioz', kontzertuengatik ordaintzea baztertu du
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko Bildu koalizioko ordezkariak Aste Nagusiko “Total free” eredua mantentzeko eskatu dio Iñaki Azkuna alkateari.
Erredakzioa
Aurtengo Bilboko Aste Nagusira milioi erdi pertsona hurbildu dira, iazko edizioaren antzerako zifrak lortuz. Gainera, nahiz eta jende kopurua antzerakoa izan den, aipatzekoa da kanpoko bisitarien kopurua handitu egin dela, iaz baino % 18 atzerritar gehiago izan baitira gurean, eta Estatutik hurbildu diren turisten kopurua % 16,5 gehitu baita, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai Batzordeko presidenteak azaldu duenez.
Bere taldearekin batera eskainitako prentsaurrekoan, "krisiaren erruz edo horri esker Bilbok jairako gogo handia zuen", nabarmendu du Urtasunek.
Aurten Duo Dinamico bikoteak (10.000 ikusle), eta Manu Carrascok eta Igor Yebrak (9.000 ikusle) eskaini dituzte emanaldi arrakastatsuenak, ikusle kopuruari dagokionez.
Juan Maganen (8.500 ikusle) AsteNagusiDancen (8.329) eta Esne Beltzaren (8.208) emanaldiek ere arrakasta handia izan zuten. Gainera, musika klasikoko kontzertuek izandako harrera ona nabarmendu du.
Dohainezko kontzertuak
Aste Nagusiko jarduera guztiak dohainezkoak izateari uzteko aukerari dagokionez, horren arabera, Iñaki Azkuna alkatea, "guztion antzera, arduratuta dago, egoera ekonomikoa dela eta, eta ez daki zer gertatuko den hurrengo urtean".
Modu horretan, "egoera baloratzeko lar goiz" dela uste du Urtasunek, aurrekontuaren arabera erabaki beharko baitute zer egin dohainezko jarduerekin.
"Total free"
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko Bildu koalizioko ordezkariak Aste Nagusiko "Total free" eredua mantentzeko eskatu dio Iñaki Azkuna alkateari, eta kontzertuak egiteko lekua aukeratzeko "benetako eztabaida bat" bultzatzeko.
Ibaibarriagak prentsaurrekoa egin du 2012. urteko Aste Nagusiaren balorazioa egiteko. Horren ustez, jai eredu "herrikoi eta parte-hartzailea" indartu da jaietan, eta zazpi egunetan zehar izandako "normaltasuna eta giro ona" nabarmendu ditu. Zinegotziaren hitzetan, "aurten jai-esparrua osotasunean disfrutatzeko aukera izan dugu", eta hori "ona izan da, batez ere Aste Nagusirako", gaineratu du.
Bilboko Konpartsak, kontzertuak dohain izaten jarraitzearen alde
Bilboko Konpartsak Bilboko Aste Nagusiko kontzertuek dohain izatearen jarraitzearen alde dago, eta Etxebarria parkea edota Trenbidearen Etorbidea proposatu ditu Karola gunearen aukera moduan.
Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, "beste urtebete eta dagoeneko 34 dira", nabarmendu du, Aste Nagusiaren harira, eta aurtengoa "erabat arrakastatsua" izan dela gaineratu du, bertan parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak emanez.
Bilboko Konpartsakek esan duenez, kontsumoa "nabarmen jaitsi" den arren, errealitatea "ezin da ukatu", partaidetza oso handia izan da.