Gizartea -
Zientzia
Zientzialariek pausoa eman dute alboko esklerosi amiotrofikoaren aurkako sendagaiak sortzeko
CNIOko ikertzaileek jakinarazi dutenez, esklerosi honen jatorria mugimenduaz arduratzen diren neuronetan 'zabor-proteinak' pilatzea izan daiteke.
AGENTZIAK| EITB Media
Alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) endekapenezko gaixotasuna da. Gaur egun ez dira horren arrazoiak ezagutzen, eta ez dago tratamendu eraginkorrik. Orain, zientzialariek beste urrats bat eman dute, eta 'zabor-proteinen' pilaketa identifikatu dute ELAren balizko jatorri eta zahartze-kausa gisa.
Emaitzak Molecular Cell aldizkarian argitaratu ditu Oscar Fernandez-Capetillo Espainiako Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionaleko (CNIO) Ezegonkortasun Genomikoaren Taldeko buruak. Ikerketan egindako esperimentuek adierazten dute tratamenduak bilatzeko aztertu ez ziren bideak egon daitezkeela.
Lanak erakutsi duenez, ELAren herentziazko arrazoi posible bat da neurona motorretan 'zabor-proteinak' metatzea, inolako funtziorik gabeko proteinak, bidegabe pilatzen direnak eta zelularen funtzionamendu egokia eragozten dutenak.
Zahartzearen kausa
Ikerketak, gainera, espero ez zuten beste esparru batean ere eman ditu fruituak: zahartzea. Izan ere, zahartzearen kausa "nukleoloen estresa" izan daitekeela nabarmendu dute.
"Nukleoloen estresak ugaztunen zahartzea bizkortzen duen aztarnak topatu ditugu", adierazi dute.