Gizartea -

Indarkeria matxista

Iaz baino % 56,5 emakume gehiagok jasan dituzte sexu erasoak Euskadin, otsailera arte

Familia barruko indarkeria pairatu duten emakumeen kopuruak ere gora egin du (% 21,6). Bestalde, 697 emakumek (2023an baino % 16 gehiago) salatu dituzte bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak.

Emakume bat indarkeria matxistaren amaiera eskatzen. Argazkia: NBE
Emakume bat indarkeria matxistaren amaiera eskatzen
Emakume bat indarkeria matxistaren amaiera eskatzen. Argazkia: NBE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu askatasunaren kontrako delituen biktima izateagatik, guztira, 119 emakumek jarri dute salaketa 2024ko lehenengo bi hilabeteetan, iazko denbora tarte berean baino % 56,5 gehiagok, Emakundek zabaldutako datuen arabera.

Araban izan dute sexu erasoek igoerarik nabarmenena, % 100ekoa, 7tik 14ra igo baitira. Gipuzkoan, % 59,4 hazi dira (37 izan ziren 2023an, eta 59 izan dira urtebete geroago), eta Bizkaian, berriz, % 43,7 (32 kasutik 46ra).

Familia barruko indarkeria pairatu duten emakumeen kopuruak ere egin du gora (% 21,6). Hain zuzen ere, 180 emakumek jasan dituzte erasoak 2024ko urtarrilean eta otsailean; 148k, 2023ko bi hilabete horietan.

Bestalde, 697 emakumek (iaz baino % 16 gehiago) salatu dituzte bi hilabete horietan bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako erasoak.

Orotara, 996 emakume (166 Araban, 493 Bizkaian eta 337 Gipuzkoan) izan dira indarkeria horien biktima 2024. urtearen hasieran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak