Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Tarragonan, bikotekide ohia hiltzea eta gorpua zatitzea egotzita
Emakumearen etxebizitzan, Ampostako Xile kalean, biktimaren gorpuaren zati bat agertu da. Gizonak duela egun batzuk hil zuen.
Agentziak | EITB Media
Ampostako (Tarragona) Udaltzaingoak 47 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekide ohia hiltzea leporatuta. Gizonak gorpua udalerri horretako etxebizitza batean zatitu du, baina ez dute osorik bertan topatu, Mossoek jakitera eman dutenez.
Bestalde, Ampostako guardiako epaitegiak adierazi duenez, gaur gauean "etxebizitza batean indarkeriaz hilda aurkitutako emakume baten gorpua altxatzeko lanean ari dira". "Oraindik ez da posible izan biktimaren identifikazioa, aurkitutako gorpuzkien egoera dela eta", erantsi du epaitegiak.
Generalitateko Berdintasun eta Feminismo kontseilariak, bestalde, sare sozialetan esan du "ustezko feminizidio" baten aurrean daudela.
Udaltzaingoak eguerdian atxilotu du gizona, bikotekide ohia hil duela aitortu duela jakin ostean. Agenteek bilaketa-dispositibo bat jarri dute, eta, horri esker, herriko kale batean topatu dute.
Atxilotu ostean, Terres de l 'Ebre eskualdeko ikerketa kriminaleko mossoek hartu dute auzia ikertzeko ardura.
Iturri berberek zehaztu dutenez, emakumearen etxebizitzan, Xile kalean, biktimaren gorpuaren zati bat agertu da. Antza denez, duela egun batzuk hil zuen gizonak.
Kataluniako Berdintasun kontseilaria biktimaren ingurukoen esanetara jarri da, eta, azpimarratu duenez, "une zail hauetan, ahalik eta pribatutasun handiena bermatu behar da".
Hilketa matxista baieztatuz gero, aurten genero-indarkeriaren zortzigarren biktima izango litzateke Espainiako Estatuan, 1.248 erailketa matxista 2003an zenbatzen hasi zirenetik.