Gizartea -

Klima larrialdia

Beroarekin lotutako heriotza kopurua % 30 hazi da azken bi hamarkadetan, Europan

2023an muturreko estres termikoko egun kopuruaren errekorra gainditu zen, 46 ºC-tik gorako tenperaturekin.

40 ºC Parisen. Argazkia: EFE
40 ºC Parisen. Argazkia: EFE
40 ºC Parisen. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europa da azkarren berotzen ari den kontinentea, mundu mailako batez bestekoaren abiadura bikoitzean, eta 2023an muturreko estres termikoko egun kopuruaren errekorra gainditu zen, Nazio Batuen Erakundeak eta Copernicusek zabaldu duten azken txostenean agertzen denez. Bertan aipatzen da beroarekin lotutako heriotza kopurua % 30 hazi dela Europan azken bi hamarkadetan.

"Milioika pertsona egon ziren muturreko gertakari klimatikoen eraginpean" Europan, bero olatuetatik hasita uholdeetara, azpimarratu du Europako klimaren egoerari buruzko txostenak, Copernicus Europar Batasuneko eta Munduko Meteorologia Erakundeko klimari buruzko zerbitzuak, NBEren mende dagoenak.

"Europan sekula ikusitako sute handiena gertatu zen (abuztuan Grezian), urte hezeenetako bat izan zen, itsasoko bero olatu larrienetako bat izan zen, eta uholde suntsitzaile zabalak", laburtu du Carlo Buontempo Copernicusen zuzendariak.

Estres termikoa, klimak gizakien osasunean eragina izan dezakeen arriskua neurtzen duena, "muturrekoa" da 46 ºC-tik gorako tenperaturak daudenean, eta iaz dozena bat aldiz gertatu zen Europan, Espainiako hego-ekialdean, Frantzia hego-ekialdean, Italia hegoaldean, Grezian eta Turkia mendebaldean.

Asko ugaritu ziren, era berean, estres termiko oso gogorreko egunak ere (38 eta 46 ºC artean), eta Copernicusek azpimarratu du Espainiako hegoaldean izan zirela gehien (80 baino gehiago).

Hilkortasuna

Txostenak gogorarazi du beroarekin lotutako heriotza kopurua % 30 inguru hazi dela azken 20 urteetan Europan. Ez dago 2023ko datu zehatzik, baina ikerketa batzuen arabera, iazko udako bero olatuek 60.000 pertsona baino gehiago hil zituzten.

Ekaitzen ondorioz 63 pertsona hil ziren, 44 uholdeengatik, eta beste hainbeste baso suteetan.

Incendio en Grecia. Foto: EFE

Incendio en Grecia. Foto: EFE

2023ko uda izan zen Europan sekula izan den beroenetakoa, erregistroak daudenetik (datu base batzuk diote beroena izan zela, beste batzuk bigarren beroena), eta inoizko hiru urte beroenak hamarkada honetan izan dira.

"Batez besteko tenperatura batez bestekoa baino beroagoa izan zen hamabi hilabeteetako hamaikatan, tartean inoizko irailik beroenarekin", azpimarratu dute txostenean.

Energia trantsizioa

"Txostenean agertzen diren datuak oso kezkagarriak dira, baina aztertzeak berebiziko garrantzia du energia alternatiboetarako trantsizioa gauzatzeko, negutegi efektuko gasak murrizteko eta 2050 ingururako lehenengo kontinente neutral izateko karbonoari dagokionez", goraipatu du Mauro Facchini Europako Batzordeko Lurra Behatzeko Unitateko buruak.

Arlo horretan, txostenak baikortasunerako zenbakiak jasotzen ditu, 2023an inoiz baino energia berriztagarri gehiago sortu baitzen (% 43), aurreko urtean baino % 7 gehiago, tartean ekaitzei eta euriteei esker energia hidroelektriko eta hidrauliko gehiago sortu ahal izan zelako.

Bigarren urtez jarraian, gainera, Eruopan energia gehiago sortu zen iturri berriztagarriekin erregai fosilekin baino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Europa Gaixotasunak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Bero-boladak Larrialdi klimatikoa