Gizartea -
EGURALDIA
Giro motela astea hasteko baina eguzkia lagun, berriz ere, astearterako eta asteazkenerako
Astelehen goizean euria egin dezake han-hemenka baina arratsaldean argitzen joango da zerua. Asteartean eta asteazkenean 21-23ko maximoak espero dira.
EITB MEDIA
Giro motel eta umelarekin hasiko dugu astea, batez ere Kantauri isurialdean. Zerua lainotuta egongo da eta han-hemenka euri pixka bat egin dezake, bereziki ipar partean. Arratsaldean, ordea, poliki-poliki atertu egingo du eta gaualderako hodeitza zulatuz joango da. Hegoaldean, berriz, ateri egongo da eta giroa argiagoa izango da.
Haizea ipar-mendebaldetik ibiliko da eta tenperatura maximoak jaitsi egingo dira; oro har, 15-18 ºC artekoak izango dira eguneko beroenak.
Asteartean, giro eguzkitsua izango dugu. Goizaldean eta goizean goiz oraindik hodeiguneak nagusituko dira leku askotan. Egunak aurrera egin ahala, ordea, hodeitza arinduz joango da, eguzkitsu gelditu arte; goi-hodeiak saretuta agertuko dira. Eguerditik aurrera ipar-ekialdeko haizea mugituko da eta tenperatura maximoak errekuperatuz joango dira, 21-23 graduak harrapatu arte.
Asteazkenean egoera antzekoa izango da. Ostegunean, ordea, hodeiak itzuliko dira eta ostiralean, euria.