Gizartea -
Indarkeria matxista
Hiru gizon atxilotu dituzte Kanboko emakume bati taldeko sexu erasoa egitea egotzita
Emakumea gela batean giltzapeturik utzi zuten eta, arma batekin mehatxu eginez, taldean eraso zioten. Lo hartu zutenean egin zuen ihes biktimak.
I. G. | EITB MEDIA
Kanboko (Lapurdi) emakume batek larunbat gauean hiru gizonek taldean sexu erasoa egin ziotela salatu du, arma baten mehatxupean. Astelehen honetan atxilotu dituzte hirurak eta Akizeko (Landak) polizia-etxean daude, sexu erasoa egotzita.
France Bleu irratiak zehaztu duenez, biktimak harremanetarako aplikazio baten bidez ezagutu zuen erasotzaileetako bat. Harekin elkartzean beste bi gizonak ere bertaratu ziren eta batera igaro zuten gaua.
Ondoren, emakumea gela batean giltzapeturik utzi zuten eta, arma batekin mehatxu eginez, taldean bortxatu zuten. Lo hartu zutenean egin zuen ihes biktimak.
Jarraian, biktimak salaketa jarri du eta poliziak hiru erasotzaileak atxilotu ditu.
Gaur, asteartearekin, elkarretaratzea egingo dute erasoa salatzeko (19:00etan).