Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emaztea eta horren semea hil ditu Valentzian
Ondoren, erasotzaileak bere buruaz beste egin du. Hiru gorpuak Benaguasil herriko etxebizitza batean aurkitu dituzte, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Agentziak | EITB Media
Gizon batek bere emaztea eta horren semea hil ditu Benaguasilen (Valentzia) su-arma batekin, eta bere buruaz beste egin du gero, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.
Hiru gorpuak udalerri horretako etxebizitza batean topatu dituzte. Guardia Zibilak emandako datuen arabera, ostiraleko 15:00ak aldera 112 telefonoan abisua jaso ondoren, patruila bat etxebizitzara joan da, eta su-armaz hildako hiru pertsona aurkitu ditu, familia-nukleo berekoak. Emakume bat, horren semea eta senarra dira hildakoak.
Guardia Zibilak bere gain hartu du gertatutakoa ikertzeko ardura. Agenteetako batek eskopeta bat atera du etxebizitzatik, baina gertaeraren inguruabarrei buruzko bestelako daturik ez dute ezagutzera eman.
13 emakume hil dira aurten Espainiako Estatuan genero-indarkeriaren ondorioz, eta 1.257 dira 2003an estatistikak egiten hasi zirenetik. Gainera, urtea hasi zenetik, 8 haur hil dituzte gizonezkoek krimen matxistetan.