Gizartea -

ADIERAZPEN OHARRA

Bilboko Konpartsek ukatu egin dute "betorik ezarri izana", hainbat kulturgilek salatu zuten bezela

Gasteizko Txosna Batzordeak egin bezala, Bilboko Konpartsen federazioak ere gezurtatu egin ditu duela bi aste 150 kultur eragilek sinatutako manifestuan adierazitakoak. Minduta agertu dira, gainera, sinatzaileak ez zirelako eurekin harremanetan jarri, euren iritzia jakiteko.

Bilboko Konpartsen artxiboko irudia.
Bilboko Konpartsen artxiboko irudia.
Bilboko Konpartsen artxiboko irudia.

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela bi aste aste hautsak harrotu zituen 150 kultur eragilek "guztion jai herrikoien" alde sinatutako manifestuak. Gutun horretan, Bilboko konpartsek eta Gasteizko txosna-batzordeak EHKSrekin lotutako Luberri, GKS eta Etxebizitza Sindikatuari jarritako "beto ulertezinetarako irtenbidea" eskatu zuten hainbat izen ezagunek, El Drogas, Fermin Muguruza, Gari, Iosu Zabala, Natxo de Felipe, Niko Etxart, Bingen Mendizabal, La Basu, Joseba Irazoki, Itziar Ituño, Karra Elejalde, Patxo Telleria, Ramon Agirre, Gorka Aginagalde, Patxi Bisquert, Amets Arzallus, Julio Soto, Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Hedoi Etxarte ageri ziren, besteak beste, sinatzaileen artean eta manifestua Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian aurkeztu zuten.

Aurreko astean Gasteizko Txosna Batzordeak oharra kaleratu zuen herri mugimendu gisa, bere erabakiak hartzeko duen zilegitasuna defendatuz: "Mugimendu Sozialistako bi talde gehiago ez sartzearen erabakia ez da beto politikoa, prozesu guztiz legitimo baten emaitza da", azaldu zuten, eta gogoratu zuten Mugimendu Sozialistak baduela baduela "ordezkaritza" Gasteizko Txosnetan, Ikasle Abertzaleak taldearen bitartez.

Gaur, ildo berean, oharra kaleratu du Bilboko Konpartsen Federazioak. Federazioa "bilbotar guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak bultzatzeko helburuarekin sortu" zela gogoratu dute, eta "askotariko mugimenduen aterpe heterodoxoa" izan dela eta izango dela" berretsi dute. Hala, "Bilboko Konpartsen barne mailako kontu batek hori zalantzan jarri" nahi izan duela salatu dute eta gatazkaren inguruko hainbat azalpen eman.

Federazioan sartzeko eskaera bat jaso zela 2023 hasieran adierazi dute, "Luberri izeneko talde eratu berri baten partetik, eta konpartsa guztiek sartzeko bete behar dituzten baldintza berak betetzea eskatu zitzaien: Konpartsa zirela erakusteko, besteak beste, kide kopuru jakin bat izatea. Bilboko Konpartsen balioekin (euskararen normalizazioa, ekologismoa, eta feminismoa...) bat egiten dutela erakustea. Bilboko Konpartsen federazioaren eremu anitz eta partehartzailean aritzeko gai direla erakustea".

Hala, 2023ko azaroan egindako urteroko batzar orokorrean, asanbladaren gehiengoak erabaki zuen momentuz ez zituela baldintzak betetzen baina "Bilboko Konpartsen edozein jardueratan parte hartzea librea izanik, horretara animatu zituzten eta elkar ezagutu ondoren Luberriren esku geratuko zela, nahi bazuten, Federazioan sartzeko eskaera berriro egitea, berriro aztertua izan zedin". Bilboko Konpartsek salatzen dute erabakiaren ondoren ez zutela Luberriren aldetik beste komunikaziorik jaso, "beto akusazioa" iritsi arte.

Zentzu horretan, saminez hartu dute kultur eragileen manifestua, interpretazio oker batetik abiatzen dela uste baitute, eta tamalgarritzat jo dute beraiekin hitz egin gabe kaleratu izana oharra. "Erabat ukatzen dugu betoa dagoenik. Azpimarratu nahi dugu betoa leporatzen digun manifestua sinatu duten kulturgileak ez direla Bilboko Konpartsen Federazioarekin harremanetan jarri gure ikuspuntua kontrastatzeko, federazioarekiko eta bere ibilbidearekiko gutxieneko begiruneak eskatuko lukeen moduan", adierazi dute.

Amaitzeko, gogorarazi nahi dute "Bilboko Konpartsetan kide gehiago onartzea Federazioaren erabaki burujabea" dela. "Horrek ez du esan nahi jai herrikoietan parte hartzeko betorik dagoenik, ez ditugu akusazio horiek onartzen. Bilboko Konpartsak ez dira barra bat muntatzeko baliabide soila, hori egiteko beste hainbat aukera eta esparru daude eta. Bilboko Konpartsak urtean zehar jai herrioiak bultzatzeko esparru bat da, gure balio anitzak mundura proiektatzekoa eta askoren artean adostutako ekimenak bultzatzekoa. Gure zeregina jaiak giro onean eta anitzean antolatzea da, ez ordea bertakoen arteko gatazka politikorako gunea izatea, eta giro on eta anitz hori jarraituko dugu zaintzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Politika Andre Maria Zuriaren Jaiak Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Kultura 2024 Albisteak Jaiak