Gizartea -
Indarkeria matxista
Espetxera, Gasteizko lonja batean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita atxilotutako gizona
Gasteiz kalera atera da berriro, eraso matxistak "errefusatzeko eta gaitzesteko", asteazken honetan udaletxearen aurrean egindako elkarretaratze isil batean, azken hamar egunetan Arabako hiriburuan salatutako bost sexu-erasoak gaitzesteko.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko lonja batean astelehenean emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako 47 urteko gizona espetxeratu egin dute, epaileak aginduta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ertzaintzak atxilotu egin zuen, sexu-erasoa egitea egotzita, Arabako hiriburuko Koroatze auzoko lonja batean emakume bati sexu-abusuak egiteagatik.
Biktimak asteartean deklaratu zuen Ertzaintzaren aurrean, eta erasoaren ondorioz "oso jota" zegoela adierazi du Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Hiri Segurtasuneko zinegotziak, hirian azken hamar egunetan izandako bost sexu-erasoetako bat gaitzesteko elkarretaratzean parte hartu ostean.
Gasteizko Udalak martxan du Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa, joan den igandean Arabako hiriburuan izandako beste sexu-eraso batengatik, gizon batek bikotekide ohiari fisikoki eta sexualki eraso egin ziolako.
Gainera, Gasteiz kalera atera da berriro, eraso matxistak "errefusatzeko eta gaitzesteko", asteazken honetan udaletxearen aurrean egindako elkarretaratze isil batean, azken hamar egunetan Arabako hiriburuan salatutako bost sexu-erasoak gaitzesteko.
Udaleko alderdi politiko guztietako eta Espainiako Poliziako, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko ordezkariek bost minutuko isilunea egin dute, 'Gasteiz eraso matxisten aurka' lelopean.