Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

EH Bilduk "indarkeria matxista larritzat" jo du ertzain batek bikotekidearen aurka egindako erasoa

Ustezko erasotzaileak sexua aldatu zuen azaroan eta, horren harira, Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak salatu du "trans legearen ustezko iruzurra" egin zuela ertzain horrek "Indarkeria Matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko".

Erasoa gertatu zen Donostiako kalea. EITB Media
Erasoa gertatu zen Donostiako kalea.
Erasoa gertatu zen Donostiako kalea. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako EH Bilduk "indarkeria matxista larritzat" jo du ertzain batek bere bikotekideari egindako erasoa. Ustezko erasotzaileak sexua aldatu zuen azaroan eta, horren harira, Izar Hernando EH Bilduko zinegotziak salatu du "trans legearen ustezko iruzurra" egin zuela ertzain horrek "Indarkeria Matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko".

"Txomin-Eneako erasoaren kasuan, argi utzi nahi dugu indarkeria matxista larri baten aurrean gaudela. Gogor salatzen ditugu auzi honetan dauden delitua eta ustezko iruzurra: indarkeria matxistaren erasoa (bikote zein alabekiko), eta Trans legearen ustezko lege iruzurra Indarkeria Matxistaren kontrako legeari iskin egiten saiatzeko, adierazi du Hernandok ohar batean.

Zinegotziak gaineratu du erasotzaileak genero aldaketa egina duen arren, "gizon gisa sozializatzen ari dela, bere lanean eta egunerokoan".

Hernandok gaineratu du "tratu txar jokabideak aspalditik badatoz edo jokabide ezegokien aurrean egiten den estrategia dela argitzen bada" erasotzaileari Trans Legeak barneratzen duen agrabantea ezarri beharko zaiola.

Horrez gain, EH Bilduk Segurtasun Sailari neurri disziplinario zorrotzak hartzeko eskaera egin dio, "ertzain hori Ertzaintzatik behin betiko kanporatzeko".

PPk neurriak eskatu ditu

Bestalde, Alderdi Popularrak Espainiako Gobernuari eskatu dio, trans legea erabiliz, sexua aldatzen duten erasotzaile matxisten kasuan neurriak hartzeko. 

"Konpondu beharreko egoera bat dago, argi baitago trans legeak defentsa-gabezia eta birbiktimizazioa eragiten ari dela genero indarkeriaren biktimentzat", adierazi dute PPtik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak