Gizartea -
Herri egitasmo legegilea
Etxegabetzeak 'atzeratzeko' egitasmoa aurkeztu dute Bilboko Auzitegian
Bestalde, EAEn etxegabetzeak gelditu ez direla salatu dute Hipotekek Kaltetutako Herritarren Plataformako kideek.
Erredakzioa
Kaleratzeak Stop elkarteak eta Hipotekek Kaltetutako Herritarren Plataformak herri egitasmo legegile bat aurkeztu dute Bilboko Auzitegian, Espainia osoko 600.000 lagunen sinadurekin, etxegabetze guztiak "berehala" gelditzeko, zorra etxea emanez ordaintzeko eta alokairu soziala eskaintzeko eskatuz.
"Kaleratzerik ez" lelopean bildu dira dozena bat lagun Bilbon, Espainia osoko hainbat hiritan egin diren bilkurekin bat eginez. Gobernuak hartu berri dituen neurriak "eskasak" direla salatu du Begoña Barrutia Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak, eta "diskriminatzaileak" direla gaineratu du.
Araudi berriak "neurri murriztaileak" dituela uste du Barrutiak, hipoteka exekutatzear duten herritar gehienak "neurri horretatik kanpo" gelditzen direlako. Gainera, PPren Gobernuak ezarritako bi urteko luzapenaren ostean, "zer gertatuko den" ez dakitela adierazi du, eta ildo honetan, horrek zorra handituko ote duen ala ez argitu gabe dagoela gaineratu du.
Kaltetutakoek bizi duten egoera "larriaren" aurrean, Plataformak zorra etxea emanez ordaintzeko, alokairu sozialen aldeko eta etxegabetze guztiak gelditzeko herri egitasmo legegile "zehatz" bat aurkeztu du.
Halaber, hipoteka-betearazpenen ondorioz kaltetutakoek "betiko zigorra" jaso dutela salatu dute, "pobreziak eragin dien zigorra" delakoan, eta, euren iritziz, giza eskubideak "urratzea" dakartela esan dute, zordunak "babesik gabe" gelditzen direlako.
'Etxegabetzeak ez dira gelditu'
Lehengo astean, Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak etxegabetzeak "muturreko kasuetan" gelditu egingo zituztela iragarri ostean, "etxegabetzeak egiten jarraitzen dute", salatu du Barrutiak.
Testuinguru honetan, kaltetutako guztiei "martxan jartzeko" deia egin die eta horretarako, epaitegietan etxegabetzeak gelditzea eskatzeko idatzi bat argitaratu dutela iragarri dute. Dokumentua Espainiako Abokatuen Kontseilu Orokorraren webgunean dago eskuragai.