Etxegabetzeak -
Basaurin
Kaleratze bat bertan behera utzi dute, protokolo berria erabilita
Abenduaren 5ean Basaurin egin behar zuten etxegabetze bat bertan behera uztea erabaki dute, kaltedunak EAEko Auzitegi Nagusiak onartutako protokoloarekin bat egin ondoren.
Erredakzioa
Abenduaren 5ean Basaurin egin behar zuten etxegabetze bat bertan behera uztea erabaki dute, kaltedunak EAEko Auzitegi Nagusiak onartutako protokoloarekin bat egin ondoren. Astearte honetan adostutako prozedura berria Euskadi osora zabaldu dute epaileek.
Marta Uriarte Bizkaiko Stop Desahucios plataformako ordezkariak jakinarazi duenez, Kutxabankekin hipoteka zeukan gazte baten kasua izan da protokolo horrekin bat egin duen lehenengoa. Gaztea lanik gabe geratu da, eta ezin du hipoteka ordaindu, iturri horren arabera.
Protokolo berria onartu zuten egun berean, gazteak Stop Desahuciosekin hitz egin zuen, prozedurarekin bat egiteko. Kalteduna gaur goizean joan da epaitegira, eta epaileek etxegabetxea bertan behera gelditu dela adierazi diote.
Protokolo berriaren helburua lehen etxebizitza galtzear dauden pertsonak kaleratzea ekiditea da, beti ere, Rajoyren Gobernuak onartutako dekretu berriko irizpideak betetzen badituzte.
Epaileek onartutako prozeduraren arabera, lehen etxebizitza galtzeko arriskuan dauden horien kasuak berrikusiko dituzte. Hala, epaileak kaltedunei dei egingo die, beren eskubideen berri emateko eta helegitea jarri dezaketela gogorarazteko. Etxegabetzeak bertan behera uztea ekarriko du horrek, eta alde guztiek epailearen aurrean hitz egin beharko dute, PPren Gobernuaren dekretuko baldintzak betetzen dituzten ala ez ikusteko.