Saretzen -

Saretzen

Nola aldatu da Gipuzkoa 20 urtean?

Hego Euskal Herriko bigarren lurralderik populatuena da, eta bere biztanleria % 7 handitu du 2001etik 2021era. Populazioa nabarmen zaharkitu da, baina gazte gehiago ere baditu. Tokikoen generazioen arteko erreleboa 2013an eten zen; hala ere, migrazio-fluxuei esker, hazkunde demografikoa bermatu da.

Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoak % 7 handitu du bere populazioa 2001etik 2021era. Hau da, orain 20 urte baino 46.453 gizon-emakume gehiago bizi dira lurralde horretan gaur egun. Hala, Hego Euskal Herriko bigarren lurralderik populatuena da, Nafarroaren aurretik eta Bizkaiaren atzetik.

Bilakaera orokorrarekin batera, tokiko eskualde guztiek pilatu dituzte auzokide gehiago urtez urte. Hala ere, lurralde horretan bi fenomeno hauteman daitezke: 2000ko lehenengo hamarkadako "ihesaldia" Debabarrenan eta Debagoienan, biztanleria galdu zutenak urtez urte 2005 eta 2006. urteetara arte; eta bigarren desazkunde gogorra, bat-batekoa, 2021ean Debabarrenan, Debagoienan, Donostialdean, Goierrin eta, hein txikiago batean, Tolosaldean. Kontrako aldean, Urola Kostaldeak beti irabazi ditu auzokideak, batez ere 2009an, 1.089 biztanle berri irabazi zituenean.

Herriz herri, Debabarrenan, Eibar eta Soraluze udalerriek galdu dituzte biztanle gehien, Debagoienan, Arrasate izan da galera gehien pairatu duen herria eta, Goierrin, Legazpi eta Zumarraga izan dira bi hamarkadotan auzokideak galdu dituzten udalerri bakarrak.

Gazte gehiago, baina zaharrak nagusi

Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan bezala, Gipuzkoako biztanleriaren batez besteko adinak gora egin du etengabe azken 20 urteetan. Hala, 60 urtetik gorakoen kopurua % 40 areagotu da, 20 eta 59 urte artekoena % 8,5 murriztu den bitartean. Aldiz, gazteenen kasuan, 20 urtez azpiko neska-mutilen zenbatekoak % 15 egin du gora.

Kontuak horrela, duela bi hamarkada gizon-emakume nagusienak biztanleria osoaren % 24 ziren bitartean, 2021ean, populazioaren % 31 izan ziren. Halere, iaz, gazteenek koska bat egin zuten gora (% 1,2), eta tartekoak ia % 60 izatetik % 50,8 izatera igaro ziren.

Herriei dagokienez, 2001ean, Anoeta, Altzo eta Berrobi ziren biztanleriarik gazteena zutenak, % 20aren bueltan; 20 urte beranduago, aldiz, Alkizak, Baliarrainek eta Altzagak zituzten gazte gehien, % 30 inguru. Beste aldean, duela 20 urte, Mutiloak, Orendainek eta Olaberriak zuten populaziorik zaharkituena, % 35-40 inguru; 2021ean, berriz, Leintz-Gatzagak, Zerainek eta Hernialdek zuten auzokide-talde zaharrena.

Heriotzak jaiotzak baino gehiago 2013tik aurrera

2000ko hamarkadan, Gipuzkoak belaunaldi-jarraipena bermatzeko behar besteko jaiotzak izan zituen; hau da, hildako pertsona baino ume gehiago jaiotzen ziren. Aldiz, 2013an, kopuruak parekatu egin ziren, eta, ordutik, heriotzak gehiago dira.

Eskualde guztietan gertatzen den joera da hori, baina, batzuetan edo besteetan, sorpassoa lehenago edo beranduago ailegatu zen. Hala, esaterako, Debabarrenan ia 20 urteetan heriotzak gehiago izan diren arren (2005, 2006, 2009, 2010 eta 2021ean izan ezik), Tolosaldean eta Urola Kostaldean joera irauli egin zen 2017an eta 2019an, hurrenez hurren.

Migrazio-fluxuei dagokienez, Gipuzkoa osoan, migratutako pertsonak baino immigrante gehiago egon da ia beti bi hamarkada hauetan. Hala ere, nabarmentzekoa da Bidasoa Beherako joera; izan ere, 2001-2004 aldian, migratzaile gehiago izan ziren bitartean, 2005etik aurrera, bi migratzaile motak parekatu egin ziren, gurera etorritakoak atzerrira joandakoak baino apur bat gehiago izanda.

Eta, herriz herri? Zelakoa izan da bilakaera? Logikoa denez, udalerri handiek hartu dituzte kanpotik etorritako gizon-emakume gehien, hau da, Donostia, Irun eta Errenteria izan dira harrera-gune handienak, baina baita pertsona gehien "esportatu" dituztenak ere. Hala eta guztiz ere, portzentajeei erreparatuta, azkenengo urtean, Baliarrain, Beizama, Leaburu eta Belauntza izan dira kanpotik etorritako auzokide gehien hartu dituztenak, atzerritarrak eta udalerri horretatik kanpokoak kontutan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Gipuzkoako albisteak EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Debagoiena Goierri Datu-kazetaritza Euskadi